Kaleratzeak

Tapiak esan du Gestampekin lanean ari dela itxierak ez diren beste neurri batzuk bilatzeko

Multinazionalak itxi nahi dituen Zamudioko bi lantegietako langileek protesta egin dute Eusko Legebiltzarraren aurrean. Salatu dute gobernuak enpresari emandako laguntzak ez direla hitzartutako helburuetara bideratu.

Multinazionaleko langile batzuk, ostiral honetan Eusko Legebiltzarraren aurrean eginiko protestan. DAVID AGUILAR (EFE)
jokin sagarzazu
2020ko urriaren 16a
14:47
Entzun

Zamudioko (Bizkaia) GTSko eta Matriceria Deustoko langileek elkarretaratzea egin dute ostiral honetan Eusko Legebiltzarraren aurrean, eta Arantxa Tapia Garapen Ekonomikorako sailburuari eskatu diote bi lantegi horiek ez ixteko ahaleginak egiteko horien jabe den Gestamp multinazionalaren aurrean. Horrekin batera, urriaren 24an Bilbon egingo duten manifestazioan parte hartzeko deia egin dute.

Tapia gobernuaren kontrol saioan izan da, eta EH Bilduk gaiari buruz egindako galdera bati erantzunez berretsi du «ahal duen guztia» egingo duela bi lantegien itxiera saihestu eta gatazkarako «irtenbiderik onena» lortzeko.

Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkideak sailburuari gogoratu dio Jaurlaritzak eta multinazionalak «harreman estua» dutela, hainbat proiektu garatzeko egin dituzten hitzarmen eta laguntza publikoengatik, eta ohartarazi dio harreman hori dela-eta Gestamp gobernuaren «parasito» bihur daitekeela, diru publikoa jaso baina bere «konpromisoei» uko egiten dielako.

Tapiak ziurtatu du bi lantegi horiek ixteko asmoek ez dutela zerikusirik taldeak Jaurlaritzarekin eginiko akordioekin, eta gaineratu du horietan ezarritako helburuak betetzen ari dela autogintza alorreko konpainia.

Laguntza publikoak

Legebiltzarreko saioaren ondoren egindako agerraldi batean, bi lantegietako enpresa batzordeek Jaurlaritzari eskatu diote «enpleguaren eta herrialdeko industriaren etorkizunaren alde gehiago inplikatzeko», eta Gestampek laguntza publikoetan jasotako «milioika euroei» eman dien erabilera salatu dute. «Ez dira hitzartutako helburuetara bideratu». Laguntza horien inguruko «kontrol falta» salatu dute.

Azpimarratu dute zuzendaritzak langileen bizkar utzi nahi dituela azken urteetako kudeaketa txarraren emaitzaren ondorioak, eta 230 langileren eta haien familien etorkizuna dagoela jokoan.

Azkenik, mobilizazioei eutsiko dietela berretsi dute: urriaren 9tik greba mugagabean daude beharginak, eta manifestazioa egingo dute urriaren 24an, Bilbon, 11: 30ean, Jaurlaritzaren egoitzatik aterata (Kale Nagusia).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.