Enpresak

Tapiak onartu du Rolls Roycek ez duela Aernnova aukeratu

Espainiako Gobernuak beto eskubidea duenez, ez du erabat baztertu aukera.

ITP Aeroren egoitza nagusia, Zamudion. LUIS TEJIDO / EFE
Iker Aranburu.
2021eko ekainaren 22a
16:06
Entzun

Zaildu egin da ITP Aeroren jabetzaren zati bat Euskal Herrira itzultzeko aukera. Horretarako aukerarik errazena zen Zamudioko enpresa aeronautikoa Aernnova kide zuen partzuergo baten esku geratzea. Arazoa da ITP Aeroren jabeak, Rolls Roycek, bazterrean utzi duela Aernnovaren eta haren bazkideen eskaintza, diru aldetik eskasa zelako.

Ingalaterrako enpresaren erabakia baieztatu du gaur Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko sailburuak. Ez zuen, ordea, aukera hori betirako baztertu. Izan ere, ITP Aeroren etorkizuna ez du Rolls Roycek soilik erabaki; enpresa estrategikoa denez —hegazkin militarren motorrak ere egiten ditu—, Espainiako Gobernuak beto eskubidea du gustuko ez dituen operazioak blokeatzeko. Madrilek bi lehentasun jarri dizkio bere buruari: ITPren akziodunen artean industria talde bat egotea eta Espainiakoa. Haren begietara, bi baldintza horiek ongi betetzen ditu Aernnovak.

Jaurlaritzaren esku hartzea

Bada beste faktore bat: Eusko Jaurlaritza prest dago ITP Aeroren zati bat bere gain hartzeko, betiere euskal enpresa bat laguntzeko bada. Finkatuz funtsaren bitartez egingo luke, haren helburua baita enpresak erro daitezela bermatzea.

Zailtasunak zailtasun, Aernnovaren aukera erabat baztertuta ez dagoela ziurtatu du Tapiak. «Prozesua ez da bukatu; urrats asko geratzen dira egiteko», adierazi du sailburuak. «Modu diskretuan» lan egiten ari da bere gobernua, «aukerak proposatzen» Rolls Royceri eta beste enpresei.

Aernnovarena mahai gainean zegoen euskal aukera bakarra ez zela ziurtatu zuen duela bi aste Tapiak berak, baina ez zuen izenik eman.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.