Hiru eguneko protesta eta eztabaiden ostean bertan behera utzi dute greba hegoaldeko taxilariek —Gipuzkoakoak atzo itzuli ziren lanera—. Baina, ohartarazi dute erabakia "behin-behinekoa" dela, eta ez dutela baztertzen berriz ere kalera irtetea, baldin eta irailean Espainiako Goberanuk ez badu emandako hitza betetzen. Madrilek hitz eman die taxilarien federazioei udazkenean errege dekretu bat onartuko duela, IG Ibilgailu Gidaridunen lizentzien kudeaketa erkidegoen esku gera dadin, eta promes horrekin apur bat baretuda egoera.
Baretuta, baina erabateko lasaitasunik gabe, "azken urteetan bizi izan duten babesgabetasun egoera" amaituko den itxaropena agertu dute Nafarroako taxilariek. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako taxilarien federazioak ere bat egin du Nafarroakoen eskaerarekin, eta galdegin dio Arantxa Tapia Azpiegitura sailburuari azkar dezala eskumenen transferentzia. "Une historiko bat bizi dugu non Jaurlaritzak prest egon behar duen beste eskumen bat bere gain hartzeko, bidaiarien garraioarena".
Ordea, Tapiak ohartarazi du eskuduntza bereganatzeak soilik ez duela taxilarien egoera aldatuko, eta arazoari irtenbidea emateko "lan asko" egin beharko dela. Sailburuak atzo egin zituen adierazpenok, hain zuzen ere, Bizkaiko taxilariek Loiuko aireportutik Bilborainoko protesta egin zuten egunean.
Azken urteetan, erkidegoek kudeatu dute auto gidaridunen sektorea —Jaurlaritza arau bat prestatzen ari da hura arautzeko—, baina eskuduntzarik ez zutenez, ez dute eragozterik izan liberalizazio osoaren garaian (2009-2015) milaka VTC baimen onartu izana. Orain, taxilariek eskatzen dutena da erkidegoek esku hartzea auto gidaridunen baimenak kendu eta Espainiako Gobernuak dekretu baten bidez ezarriko duen ratioa errespetarazteko.