Industria

Tecnalia: «Krisiak ez die eragin enpresen berrikuntza inbertsioei»

Ikerketa zentro sareak 120 milioi euroko fakturazioa izan zuen iaz, eta hamahirugarren postuan dago Europako ikerketa zentroen zerrendan

Tecnaliak garaturiko taxi hegalari prototipoa. ANDONI CANELLADA / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2022ko uztailaren 6a
12:19
Entzun

Energia eta lehengaien krisiak ez dio Tecnaliari eragin, ez oraingoz behintzat. Ikerketa zentroen sareak «emaitza oso onak» izan zituen iaz, Jesus Valero zuzendari nagusiak nabarmendu duenez euskal enpresek ez dituztelako murriztu berrikuntzan eginiko inbertsioak. Ahalegin horren isla da Tecnaliak iaz fakturaturiko 120 milioi euroak, 2020n baino %5,63 gehiago.

«Datuek diote krisiak ez duela moteldu berrikuntza inbertsioa. Ez dugu beherakadarik sumatu», azaldu du Valerok. Tecnaliako buruaren iritziz, jada joera irmo bat da urtez urte berrikuntzan gehiago inbertitzea, eta espero dute 2023an 140 milioi euro fakturatzea. Hala ere, «kezka» beti hor dagoela onartu du Alex Belaustegi Tecnaliako presidenteak: «Baina gure zeregina da dibulgazioa egitea, eta berrikuntzak eragiten duen guztia ona dela azaltzea».

Gaur egun, 1.464 adituk dihardute Tecnalian, eta 1.200 enpresari ematen dioten zerbitzua. Horien %73 enpresa ertain edo txikiak dira. Ikerketa zentroaren datuen arabera, bezeroen fakturazioa batez beste %40 handitu zen iaz, eta langile kopurua %23. «Start-up txikiei laguntzaren aldeko apustua ondo irten da», laburbildu du Valerok. Izan ere, Tecnaliak eginiko barne ikerketa baten arabera, enpresa batek haien eskutik inbertitzen duen euro bakoitzeko 6,3 jasotzen ditu.

Tecnaliak proiektu propioak ere garatu eta eskaintzen ditu, eta horiek salduz 5 milioi euro lortu zituen iaz. Lantzen ari diren proiektuen artean, arduradunek bana nabarmendu dute. Belaustegik azaldu du aerotaxia dela beren egitasmo gailena, «oihartzunari» dagokionez behintzat. Valerok, berriz, ITEReko fusio erreaktorean eginiko lana aipatu du: «Plasma berotzeko sistema ikertzen ari gara AVS euskal enpresarekin batera». Horiei esker, besteak beste, hamahirugarren postuan dago Europako ikerketa zentroen zerrendan. 3.600 zentro dira guztira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.