Tecnalia Research & Innovation abian da, zortzi zentro elkartuta

Behin betiko egoitzaren auzia konpondu gabe hasi da lanean Europako bosgarren ikerketa zentro pribatua

Erredakzioa
Donostia
2011ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Urte berria, erakunde berria: Tecnalia Research & Innovation (TRI). Zortzi zentro teknologikok bat egin dute, eta erakunde juridiko bakar gisa funtzionatzen dute larunbatetik. Bat egiteko prozesua 2009ko ekainean hasi zen, eta erakunde berria abian da jada.

Europako bosgarren ikerketa zentro pribatua da. Kualifikazio handiko 1.450 langile ditu, eta 125 milioi euroko fakturazioa. Lau mila enpresa baino gehiago ditu bezero, gehienak enpresa txiki eta ertainak. Europako 170 proiektu baino gehiagotan parte hartu du, eta bostetik bat berak zuzendu du. 25 herrialdetako langileak ditu.

Hauek dira bat egin duten zortzi zentro teknologikoak: Cidemco (eraikuntza, kimika eta egurra), ESI (informazioaren eta komunikazioaren teknologiak), Euve (errealitate birtuala, telebista), Fatronik (makina-erreminta, aeronautika), Inasmet (autogintza, energia), Labein (autogintza, eraikuntza), Leia (ingurumena, kimika) eta Robotiker (autogintza, energia, telekomunikazioak).

Egoitza finkoa non izango duen erabaki gabe abiatu da TRI. Bizkaiko eta Gipuzkoako erakundeen arteko tirabirek behin-behineko egoitzarekin jaioarazi dute: sei hilabetez Zamudion (Bizkaia) eta, gero, akordiorik ez badago, txandaka, urte eta erdi Gipuzkoan, urte eta erdi Bizkaian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.