TEILATUA ERE KRISTALEZKOA DA

2026ko uztailerako konpainia handietako administrazio kontseiluetako kideen %40k emakumeak izan behar dutela arautu du Europak; egun, baina, Euskal Herriko enpresen batezbestekoa datu horretatik urrun dago. Adituen arabera, kuotak ezartzea beharrezkoa da.

TEILATUA ERE KRISTALEZKOA DA.
Imanol Magro Eizmendi.
2023ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Kristalezko sabaia zer den horrela azaltzen du Emakundek 2020an argitaraturiko Feminismoa eta berdintasuna hiztegiak: «Emakumeek beren jardun profesionala, soziopolitikoa edo bestelakoa garatzean aurkitzen duten hesi ikusezina, zeinaren bestaldean maila handiagoko karguak ikus baititzakete, erdietsi ezin dituztenak». Ibilbide profesionalen bilakaeraren maila guztietan aurkitzen duten oztopo bat da, baita ardura handienetan ere.

Azken ikerketek uste hori berresten dute. Araba, Bizkai eta Gipuzkoko 50 langiletik gorako enpresetako administrazio kontseiluetako kideen %22 baino ez dira emakumeak, eta zuzendaritza organoetakoen %23. Nafarroan, berriz, azken datu bilketa 2018koa da: kontseiluetako kideen %13 ziren emakumeak, eta zuzendaritza organoetakoen %24. Alegia, teilatua sabairik altuena bada, enpresa handietan haiek ere kristalezkoak dira.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako datuak AED Bizkaiko Emakumezko Enpresari eta Zuzendari Elkarteak bildu ditu, urtero egiten duen txostenean. Elkarteko burua Isabel Iturbe da, Bilbo Basketeko presidentea. «Gizartearen isla da: genero ezberdintasunak berdin azaleratzen dira aginte postuetan. Baina tira, aurten bilakaera positiboa ikusi dugu. Administrazio kontseiluetako datua %19tik %22ra igaro da. Epe motzegia da joera bat ikusteko, baina prozesu batean gaudela uste dugu. Hori bai, oso astiro doa».

Arantxa Elizondo EHUren Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko irakaslea da, eta Emakundeko idazkari nagusi izan zen (2009-2012). Emakumeek aginte organo publiko eta pribatuetan duten presentzia sakon ikerturikoa da. «Gakoa boterea da, eta haren transmisioa. Botere hori gauzatzen den esparruetan, emakumeak arrotzak dira oraindik. Gizonezkoen korporatibismoa dago hor. Tira, gizon mota jakin batek lortzen du botere hori, klase eta arraza jakin batekoak». Iturbek aberastu du azalpena: «Ohitura batzuk oso errotuta daude. Esaterako, erabakiak bulegotik kanpo hartzea, konfiantza zirkuluetan, eta horiek gizonen eremuak dira oraindik».

2024 eta 2026

Kate hori hausteko, bi adituek begi onez ikusten dute presentzia kuotak legez ezartzea. Norabide horretan, Europako Batzordeak auzia arautzea erabaki du, eta horrela jakinarazi die estatuei, epe batzuk ezarriz. Burtsan kotizatzen duten enpresek 2024ko uztailaren 1era arteko tartea dute administrazio kontseiluetako kideen %40 gutxienez emakumeak izan daitezen. 250 langiletik gora edo 50 milioi euroko fakturazioa duten enpresei jarritako epea, berriz, 2026ko uztailera artekoa da.

Elizondo kexu da arau horrek ez duela zigorrik aurreikusten betetzen ez dutenentzat, baizik eta urtero txosten bat egin beharko dutela zergatik urratzen duten azaltzeko. Hala ere, arauaren aldekoa da: «Esparru publikoak erakusten du neurririk hartu gabe zaila dela aldaketak egotea. Niretzat, hori da bide bakarra. Kontrola, baina, ez da hain erraza. Hauteskunde zerrendak kontrolatzea erraza da, eta araua betetzen ez duena kanpoan gelditzen da. Eremu pribatuan, baina, zaila da urratzailea zigortzea».

Iturbek gehitu du «obligazio oso egingarria dela», eta inor ezin dela izutu, 250 langiletik gorako enpresak ez baitira hainbeste, eta horietan langileen hautaketa prozesuak egiteko sail bereziak baitituzte: «Egun, gizon baino emakume gehiagok amaitzen dituzte ekonomia eta enpresen kudeaketara zuzenduriko ikasketak. Ondo trebaturiko emakume asko daude lan merkatuan».

Elizondok «estereotipoen zama» gehitu dio ekuazioari, eta haien eraginez eraikitako barruko erresistentziak: «Denok gara gizarte bateko kideak, eta sozializazio prozesu orokorretan rol batzuk ezartzen dizkigute. Gauza batzuk egitean natural sentitzen dugu geure burua, eta beste batzuetan, arrotz. Horrek azaltzen du, besteak beste, enpresetako botere banaketaren muina».

Botere banaketa, sinbolikoa eta erreala. Zuzendaritza organoetako kargu guztiak ez dira berdinak, eta kideek normalean ardura ezberdinak izaten dituzte. Hor ere jarri du lupa AEDren txostenak, eta ondorioztatu du emakumeen presentzia handiagoa dela giza baliabideetan (%45) eta publizitatean (%45), eta txikia ekoizpenarekin (%5,9) edo teknologiarekin zerikusia dutenetan. Era berean, emakume gehiago daude zerbitzuen sektoreko enpresetako aginte organoetan. «Profil bat dagoela ikusi dugu», zehaztu du Iturbek: «Aldatuz doa, baina hori ere, apurka. Beste ikerketa batzuetan ikusi dugu emakumeek sorturiko enpresen %70 merkataritza arlokoak direla». Elizondo ere ez du harritu: «Eremu guztietan gertatzen da. Rol banaketa bat da, hori ere ezarria. Badirudi gizon eta emakumeek desira ezberdinak dituztela, baita esparru berean daudenean ere».

Pedagogia, gizonekin

Kuotak eta arauak beharrezkoak dira, baina baita pedagogia ere, «bide luzeena». Iturbek ereduen garrantzia nabarmendu du, eta berriz ere publikora jo du: «Hor errazagoa da emakumeak agintera iristea. Emakume boteretsuak, aginduak ematen, iritziak plazaratzen... Ikusgaitasuna dute». Azalpena luzatu du: «Kargu publikoetan, meritokraziaren bidea hor dago. Promoziorako ezaugarri objektiboak. Emakume asko seguruago sentitzen dira hor».

Eremu publikoa mugatua da, baina, eta horregatik esan du Iturbek pedagogia gizonezkoei ere zuzendu beharko litzaiekeela. «Gaztelaniaz bada esamolde bat hala dioena: 'Gizon handi bakoitzaren atzean emakume handi bat dago'. Nik buelta emango nioke: 'Emakume handi bakoitzaren atzean, harengan sinesteko prest dauden gizon asko behar dira'».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.