Telefonicak kaleratze kolektibo bat proposatu die sindikatuei

Sindikatuek kalkulatu dute Hego Euskal Herrian eta Espainian 2.500 bat langile kaleratuko dituztela. Hegoaldean 871 langile ditu enpresak.

ESPAÑA TECNOLOGÍAS TELEFÓNICA JUNTA
Jose Maria Alvarez-Pallete Telefonicako kontseilari ordezkaria, artxiboko irudi batean. JAVIER LIZON / EFE
inaut matauko rada
2023ko azaroaren 28a
09:15
Entzun 00:00:0000:00:00

Telefonica telekomunikazio enpresako hitzarmen kolektiboa negoziatzeko bigarren bilera izan zuten atzo Telefonicak eta sindikatu nagusiek, CCOOk eta UGTk, eta 2.500 bat langile botatzeko kaleratze kolektiboa proposatu du enpresaren zuzendaritzak. Lehen bileran «plantilla doitzeko plan» bat iragarri zuen enpresak, 2.500-5.000 langileri eragingo ziena, eta, atzo, xehetasun gehiago eskatzean, erregulazio espediente bat ezartzeko asmoa iragarri zuen.

27.411 langile ditu Telefonicak Hego Euskal Herrian eta Espainian; beraz, 2.500 langile kaleratuz gero, plantillaren %9,1 botako luke enpresak. Hego Euskal Herrian 871 beharginek egiten dute lan Telefonicarentzat. Proportzioa betez gero, 79 langile botako lituzkete. Filial guztietan egin nahi ditu kaleratzeak Telefonicak.

UGTk adierazi du kaleratze horiek langileen lan baldintzak «bermatuko» dituen itun berriarekin batera etorriko direla; ESK sindikatuak CCOO eta UGTren konplizitatea salatu du kaleratzeetan. Hitzarmenaren negoziazioetan marra gorriak jarri ditu UGTk —soldaten egiturari eustea, bermeetarako neurriak hartzea eta soldata igoera mekanismoak jartzea, erosteko ahalmena mantentzeko—, baina kaleratzeak eragoztea ez dago horien artean. Ostegunean egingo dute lan ituna negoziatzeko hirugarren bilera.

Telefonica eta kaleratzeak

2.500 bat lagunen kaleratzeak mozkinak handitzen ari diren garai batean planteatu ditu Telefonicak. Aurtengo bigarren hiruhilekoan, adibidez, 462 milioi euroren irabaziak izan zituen, 2022ko epe berean baino %44,5 handiagoak. Urte onak dira enpresaren kontuentzat, baina 2015etik etengabe murriztu du plantilla. Urte horretan 38.130 langile zituen Hego Euskal Herrian eta Espainian, eta 2022an, berriz, 27.411.

2011n egin zuen azken erregulazio espedientea Telefonicak, eta ordutik hona beste modu batzuk erabili ditu plantilla murrizteko; borondatezko hobaridun bajak, esaterako. 2011 hartan, 6.800 langile baino gehiago kaleratu zituen; kolpe handia izan zen hori, eta Mariano Rajoyren gobernuak berrikuntzak sartu zituen Gizarte Segurantzaren sisteman, Telefonica klausula deituriko legean. Lege horrekin, irabaziak dituen enpresa batek kaleratzeak egitean, enpresak berak ordaindu behar ditu langabezia prestazioak, baita Gizarte Segurantzako kotizazioak ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.