Eusko Jaurlaritzak martxan jarri du bere telekomunikazio sarearen zati bat Euskalteli saltzeko prozedura. Gaur egun, sare hori erabiltzen du konpainiak, alokairu merke baten bidez. Asmo horrek, ordea, lotura zuzena du Jaurlaritzaren beste ideia batekin: Euskaltelen dituen akzioetako batzuk saldu nahi ditu, eta konpainian duen parte hartzea %7,45etik %5 baino gutxiagora murriztu. Jaurlaritzaren arabera, akzio horiekin lortutako diruarekin «lehentasunezko politikei» helduko die gobernuak.
Jaurlaritzaren asmoa argia da: sarearen zati bat Euskaltelen esku utzita, haren balioa handituko luke, eta horrela errazagoa izango da telefono konpainiarentzaterosle on bat aurkitzea. Operazio horretan interes handia du Kutxabankek ere. Hura da Euskaltelen akziodun nagusia —akzioen %68 ditu—, baina zati handi bat saltzeko asmoa du hark ere. Izan ere, akzioen erdiak baino gehiago izanik, telefono konpainiaren emaitzak bere balantzean sartu behar ditu. Gaur egun bereziki, ez zaio komeni hala egitea, Orangeri ordaindu beharreko 222 milioi euroko isunak zulo handiak sortuko lituzkeelako bere kontuetan. Noiz, eta galerak edo ahultasun zantzu batek Europako Batasunaren esku hartze zuzena eragingo duen garai batean.
Jaurlaritzak azaldu duenez, telekomunikazio sarearen eta akzioen salmenta «elkarrekin» doaz, eta, beraz, akzioak saltzea lortzen ez bada, sarearen salmenta bertan ere behera geratuko da. Jaurlaritzak 68 milioi euroren balioa eman dieEuskaltelek jasoko dituen ondasun eta ustiapen eskubideei.
Operazioa hiru milioi eurotik gorakoa denez, operazioak Eusko Legebiltzarraren onespena behar du. Abuztuan jorratuko dute gaia, Ekonomia Batzordean. Aralarrek eta EAk iragarria dute alegazioak aurkeztuko dituztela.
Dani Maeztu Aralarreko legebiltzarkideak uste du «larria» dela «herritarren zergekin» ordaindutako sare bat Euskalteli ematea, eta salatu du asmo bakarra konpainian egin den «kudeaketa txarra» konpontzea dela. EAko Juanjo Agirrezabalak ohartarazi du Jaurlaritzak eta Kutxabankek Euskaltelen akzioak salduz gero «arriskua» dagoela Euskaltelek bere erabaki estrategikoak Euskal Herritik kanpora hartzeko, eta horrela ez direla kontuan hartuko euskal gizartearen interesak.
Telekomunikazio sarearen zati bat saldu nahi dio Jaurlaritzak Euskalteli
Operazioak lotura zuzena du telefono konpainiaren parte hartzea %5etik behera jaistearekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu