Ternua eta Astore marken jabeak, IASA Taldeak, negozioaren mugak zabaltzeko apustu estrategikoa egin du Nafarroako Lorpen konpainia erosiz. IASA-Lorpeland izeneko taldea da operazioaren amaitza, eta Arrasaten du egoitza Euskal Herriko eta penintsulako outdoor merkatuko —mendiko kirol arropa espezializatuko— talderik handienak. Bi konpainien bateratzeak bi helburu nagusi dituela azaldu du IASAk, «nazioarteko hedapena indartzea eta arropa teknikoetan espezializazioa sendotzea».
IASA-Lopeland 175 beharginek osatzen dute, eta 27 milioi euroko fakturazioa dauka. Europa, Amerika eta Asiako 50 herrialdetan dauka presentzia taldeak, eta 25 urteko esperientzia du bizkarrean. Kirol galtzerdiak diseinatu eta produzitzen dituen Lorpen konpainia nafarrak Etxalarko plantan lanean jarraituko du, Lorpen SL izena mantenduz.
Izan ere, talde berriak hiru marka komertzialak mantenduko ditu: Astore, Ternua eta Lorpen. Astore hiriko kiroletarako arropa arinetan eta teknikoetan espezializatuta dago; Ternuak, eskirako, alpinismorako eta mendiko kiroletarako arropa teknikoa diseinatu eta ekoizten du—European Outdoor Group elkarteko partaidea da, sektoreko munduko marka garrantzitsuenekin batera—; Lorpen, berriz, kirol galtzerdi teknikoen ekoizle garrantzitsuenetako bat da mundu osoan.
Hedapena, printzipioekin
IASAren arabera, talde berriak nazioarteko hedapenerako bidea erraztuko dio Ternuari, Lorpen dagoeneko AEBetan ezarrita baitago eta 50 herrialdetan baino gehiagotan baitauka presentzia. Azken urteetan, «bilakaera baikorra» izan dute Etxalarko markaren salmentek, eta saldu dutenaren %70 nazioartean saldu dute. Bestalde, bateratzeak Lorpeland enpresari egonkortasuna emango diola uste du IASAk. «Lotura honek eragindako elkarlanak produktu, dimentsio eta merkatu aldetik balizko gorakada adieraziko du, batez ere, nazioartekotze prozesuan».
Arrasateko eta Etxalarko ekoizpen plantez gain, IASA-Lorpelandek beste bat dauka Pueblan, Mexikon. Gaitasun handiko plataforma robotiko-logistiko bat ere badu Europan, eta zerbitzu logistikoak ere baditu Hong Kongen (Txina) eta Bufalon (AEB). Helburua negozioaren eta merkatuaren hedapena bada ere, IASAk uste du hedapen hori azken urteetan Ternua eta Lorpeneko hedapena posible egin duten ardatzak eta lan filosofia mantenduz egin behar dela.
Hiru ardatz nabarmendu ditu Arrasateko taldeak. Lehenik, diseinua, «nazioarteko aitorpenarekin eta nortasunarekin» —taldea osatzen duten markek sektoreko APEX nazioarteko hainbat sari irabazi izan dituzte—. Bigarrenik, «produktuei eta kontzeptuei aplikatutako berrikuntza» nabarmendu du Arrasateko taldeak. Hirugarrenik, teknologia aipatu du, zuntz eta errendimendu handiko ehun teknikoen erabileran oinarritako teknologia, eta jantzigintza prozesu eta teknika aurreratuenen erabileran oinarritutakoa.
Hiru printzipio horien gainean lan egin eta negozioa hedatzeko, ordea, IASAk ez die ukorik egin nahi orain arte mantendu dituen «iraunkortasun irizpideei, errespetuzko ekoizpen prozesuei eta %100 organikoak diren lehengaien erabileraren sustapenari». Azaldu duenez, birziklatutako ehunak eta ehun berriztagarriak erabiltzen jarraituko dute.
Ternua, merkatuaren mugak zabaltzen
Arrasateko IASAk Lorpen enpresa nafarra erosi du, eta IASA-Lorpeland taldea sortu.Bateratzearen helburua da bereziki Ternua markaren nazioartekotzea da eta arropa teknikoetan espezializatzea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu