Ezusteko ederra hartu zuten atzo Thyssenkrupp Bilstein Ibericak Alonsotegin duen fabrikako langileek. Goizeko seietarako minutu batzuk falta zirela jaso zuten albistea; zuzendaritzak lantegia ixtea erabaki zuela, hain zuzen.Goizeko txandakoak izan ziren jakiten aurrenak. Fabrikako atean,zuzendaritzak sinatutako idatzi bat eman zien segurtasun zaintzaileak. Oharrean zioenez, lantegiak jasan dituen «erasoengatik» eta «sabotajeengatik» erabaki du ixtea, horrela bakarrik berma dezakeelako pertsonen segurtasuna.
Enpresaren gertuko iturriek jakinarazi dutenez, «azken 24 orduetan bi gertakari larri izan dira lantokiko instalazioetan»; bi sute, hain zuzen. Bi aldietan suhiltzaileen laguntza behar izan ei dute sua itzaltzeko. Gisa horretako ekintzen arriskua nabarmendu du zuzendaritzak oharrean. Eta adierazi du arriskua beste inon baino handiagoa dela Alonsotegiko lantokian, gasolio eta gas zerbitzuguneak dituztelako. «Egoeraren larritasuna ikusirik, eta horrelako ekintzek eragin ditzateketen ondorioen beldur, enpresa ixtea erabaki behar izan dugu».
Herenegundik atzora bitarte izandako bi gertakariak ez dira orain arteko bakarrak izan. Aurretik ere jasan dituztela esan du zuzendaritzak, eta Ertzaintzak baduela haien guztien berri. Enpresak zortzi salaketa jarri ei ditu dagoeneko, eta poliziek zortzi alditan joan behar izan dute lantokira, zuzendaritzak hala eskatuta.
Indarkeriazko erasoak ugaritu izanak lantokiko egoera jasan ezinezko bihurtu duela ere esaten du zuzendaritzak langileei helarazitako oharrean. Eta horrek guztiak ondorioak eragin dituela lan taldearen osasunean, azkenaldian ohi baino langile gehiagok hartu baitute gaixo agiria. Enpresak tamalgarritzat jo du egoera muturreraino iritsi izana. Baina behin horretaraino ailegatuta pertsonen segurtasun ziurtatu beharra daukala uste du. Horregatik, «soilik segurtasun arrazoiengatik» erabaki du enpresa ixtea.
Horiexek dira zuzendaritzak langileei eman dizkien azalpenak, ez gehiago eta ez gutxiago. Ez die esan egoerak zenbat iraungo duen, eta langileek ez dakite noiz itzuliko diren lanera. ELAk gogor kritikatu du zuzendaritzaren jarrera. Itxiera justifikatzeko arrazoi jakinik ez diela eman dio, ez eta geldialdiaren iraupenaren inguruko azalpenik ere. «Ez die azaldu geldialdiak gutxienez zenbat iraungo duen, eta horrek areagotu egiten ditu lehendik ere nahikoa gaizki dauden langileen kezkak eta zalantzak».
Zuzendaritzaren baieztapenik gehienak gezurtatu ditu, gainera. ELAren arabera, «inoiz ez dira arriskuan jarri pertsonen eta lantegiaren segurtasuna, ez da inolako eraso ekintzarik izan eta ez da indarkeriaren hazkunderik egon». Zuzendaritzaren amarru bat besterik ez deritzo lantegia ixteko erabakiari; «lan taldeari are presio handiagoa egiteko eta langileen artean lanpostua galtzeko beldurra zabaltzeko amarrua», hain zuzen.
Langileen egoera lehendik ere nahikoa garratza badela nabarmendu du sindikatuak. Aspaldian zituzten susmo txarrak ekainean berretsi zizkien enpresak, 120 langileak kaleratzeko eta fabrika ixteko asmoa jakinarazita. Udako oporraldia igaro eta gero ekin zieten negoziazioei. Baina, zuzendaritza eta langileak ez ziren ezertan ados jartzeko gai izan, eta kontsulta epea emaitzik gabe bukatu zen. ELAren hitzetan, zuzendaritzak ez dauka akordiorako borondaterik. «Kontsulta epea bukatu ostean lan agintaritzari aurkeztu dion azken proposamena erabat atzerakoia da, azken bileran langileei aurkeztu zienaren ondoan».
Lantegia ixteko erabakia hartzeko moduak ere borondate falta hori ageriko egiten duela iritzi dio ELAk. «Indarrean dagoen legeak dioen arrazoi bakar bat ere izan gabe itxi du, parte sozialarekin biltzeko bezperetan». Bihar dira biltzekoak zuzendaritzako eta langileen batzordeko kideak. Atzora arte itxaropentsu zeuden langileen ordezkariak, negoziatzen jarraitzeko konfiantzari eusten ziotelako. Enpresa ixteko erabakiak, ordea, enpresaren fede onaren inguruko zalantzak ugaritu dizkie.
Hemezortzi egun itxialdian
Bien bitartean, Thyssenkruppeko zenbait langilek hemezortzi egun daramatzate itxialdian, Alonsotegiko udaletxean. Ez dute muga egunik; Eusko Jaurlaritzako Lan Sailak enpresaren erregulazio eskaera atzera botatzen duenean bakarrik joango dira etxera. Itxialdiaz gain, bestelako protesta ekintza ugari egin dituzte, arazoa gizarteratu, babesa bildu eta irtenbideak eskatzeko.
Gaur ere halaxe egingo dute. 10:30ean auto ilaran joango dira Alonsotegitik Bilbora, eta hiriburuan barrena ibiliko dira gero. 13:00 aldera, berriz, elkarretaratzea egingo dute Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzaren parean.
Thyssenkruppek Alonsotegiko lantegia itxi du, «sabotajeengatik»
Zuzendaritzak dio pertsonen segurtasuna bermatzeko erabaki duela ixtea; fabrikako zaintzaileak eman die berria langileei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu