Tolosaldeko industria «hiltzen ez uzteko» martxa egingo dute

Azken lau urteotan 500 lanpostu galdu direla diote sindikatuek, eta manifestaziora deitu dute larunbaterako

xabier martin
2013ko abenduaren 10a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Azkena Albizturko Antalis izan da, baina ixteko arriskuan edo dagoeneko itxita dauden Tolosaldeko enpresak asko dira azken lau urteotan. ELA eta LAB sindikatuek eskualdeko industria ehuna «hiltzen uzten» ari direla salatu zuten atzo, eta manifestaziora deitu larunbat honetarako (Triangelu plazan, 12:00etan).

Erakundeek egindako politikek «enpleguaren galera» ekarri dute, sindikatuen arabera; 500 lanpostu galdu dira Tolosaldean, haiek zenbatu dutenez, «ez direlako politika eraginkorrak egin». Paperaren sektorean aurkitu dute eskualdeko langileek lanpostua urte askoan, baina sektorea beheraka doa. 1980ko hamarkadan 2.000 enplegu zuzen ematen zituzten paperaren enpresek, eta beste 2.000 zeharka. Gaur egun 400 bat lanpostu besterik ez da geratzen lau enpresatan. Winkler, Emusi, Gorostidi... hainbat enpresa aipatu zituzten ELAk eta LABek paperak izan duen hondamendia azaltzeko. SAM eta Unipapelen ere aldiro egin dituzte kaleratzeak, gainera.

Antalis dago orain muturreko egoeran; itxiera iragarri zuen zuzendaritzak aurreko astean, eta langileek greba mugagabeari ekin diote. Bihar batzartuko dira bigarrenez langileak eta zuzendaritza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.