Arabako Lan Ordezkaritzak ez du onartu Tomas Acha Laudioko garraio enpresak 30 langileetatik 26 kaleratzeko aurkeztutako enplegua erregulatzeko dosierra. Langileak greban daude urte hasieratik, soldatak ez dizkietelako ordaindu eta enpresak ez duelako aurkeztu planik lanpostuak bermatzeko.
ELAren arabera, langileek enpresaren kontrako salaketa aurkeztu zuten lan ikuskaritzan, enpresa greban zeuden langileak ordezkatzen ari zelako. Oraindik ez dute jaso lan ikuskaritzaren erantzuna.
Langileek, gatazka konpontzeko asmoz, PRECOra jo zuten urtarrilean, enpresaren administratzaileak ez zuelako langileen ordezkariekin eta ELAko aholkulariekin bildu nahi. Enpresak PRECOn agindu zuen langileei eskaintza bat egingo ziela gatazka konpontzeko; alde batetik, soldatetan zor dienaren zati bat ordaindu zien, eta, bestetik, enpresaren etorkizuna bermatzeko plan bat aurkeztu.
ELAk, baina, salatu du enpresak enplegua erregulatzeko dosierra aurkeztu zuela urtarrilaren amaieran, 26 langile kaleratzeko. Enpresako ordezkariek eta langileek ez zuten bilerarik egin dosierraren hamabost eguneko kontsulta epean. Arabako Lan Ordezkaritzak martxoaren 8an jakinarazi zuen ez zuela dosierra onartu.
Lan Ordezkaritzak «fede txarrez» aritzea leporatu dio enpresari, ELAren esanetan, langileekin ez delako bildu etaez duelako negoziatu. Gehitu du enpresak ez duela daturik aurkeztu enpresaren egoera txarra erakusteko eta kaleratzeak zuritzeko.
Dosierra atzera botatzeak «arnasa» eman die langileei. Hala ere, enpresari eta lan agintariei eskatu diete gertatua aintzat har dezatela eta erabakiak har ditzatela gatazka konpontzeko.
Tomas Acha enpresari ez diote onartu 26 langile kaleratzeko dosierra
Langileak greban daude urte hasieratik, soldatak kobratzen ez dituztelako eta enpresak ez duelako plan bat aurkeztu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu