Bezeroek azken urteetan jostailuak erostean izan dituzten joera aldaketek kalte handia egin diote AEBetako Toys 'R' Us jostailugileari. Zama handia pilatua zuen multinazionalak, eta, azkenean, Virginiako barrutiko Kiebren Auzitegian eskaera egin du kiebrarako. Mundu zabalean dituen denda eta ekoizpen zentroak berregituratzeko ekimenean sarturik dago gaur egun; horietako denda batzuk Euskal Herrian daude: Garbera merkataritza gunean (Donostia), Megaparken (Barakaldo), Boulevarden (Gasteiz), Bilbondon (Basauri), Berriozarko industrialdean (Nafarroa) eta Baionan. Begien bistakoa da euskal langile askori eragin diezaiokeela porrot egoerak. Errentagarritasun txikiko dendak itxi eta besteak berritzeko asmoa duela jakinarazi du konpainiak.
Porrot adierazpen judizialaren bidez lortuko duen oxigenoari esker, produktu gehiago erosiko dituela eta bere operazioak finantzatuko dituela dio Toys 'R' Usek. Euskal Herrian hartzekodunen konkurtsora jotzen dute enpresek zorrak pagatu ezin dituztenean, eta AEBetan kiebra eskaera egiten dute. Jostailu konpainiak bere kudeaketaren zatirik handienari eutsiko dio, baina arlo judizialaren zaintzapean.
1.700 saltoki mundu zabalean
Mundu osoan 1.700 saltoki dauzka, eta 2016an 9.600 milioi euroren salmentak egin zituen. Charles Lazarusek sortu zuen Toys 'R' Us 1948an; II. Mundu Gerraren osteko baby boom-ari etekina ateratzen jakin zuen bere enpresa etengabe handitzeko. Washingtonen ireki zuen lehenengo denda, Children's Bargain Town. 1957an izena aldatu zion, eta enpresa Toys 'R' Us da geroztik. 1978an, berriz, burtsan kotizatzen hasi zen.
Harik eta 2005eko martxoan 5.500 milioi euroren truke erosi zuten arte. Kohlberg Kravis Roberts, Bain Capital eta Vornado Realty Trust funtsek osatutako kontsortzioak erosi zuen. 2013an erabat baztertu zuen burtsara itzultzea, arazo larriak hasiak baitzeuden. Ordutik, ezin izan du zor handia txikituz joan, eta zama hori oztopo handia izan da inbertsioak egiteko, besteak beste, on line salmentaren atalean. Amazonen nagusitasunak Toys 'R' Us-en salmentak hondoratu ditu sarean.
Azken urteetan, auzoko dendak zabaltzeko estrategiari ekin dio, eta atzean utzi du hirigunetik kanpoko saltoki handietan kokatzeari. Aurrerantzean ikusteko dago zein izango den jostailugile ezagunaren estrategia, kiebra jo ondoren.