Traktoreak irekitzen du bidea

Traktoreek Bilbo hartu dute, baserritarrentzako «bizimodu duina» eskatzeko. Areatzan «azoka gardena» antolatu dute, eta bildots zatiak banatu dituzte herritarren artean.

Nekazarien mobilizazioa
Traktoreak, San Mames futbol zelaiaren inguruan. ARITZ LOIOLA / FOKU
gotzon hermosilla
2024ko otsailaren 09a
17:00
Entzun

Bizkaiko EHNE eta ENBA sindikatuek antolatuta, ehun bat traktorek Bilboko kaleak hartu dituzte, nekazarien aldarrikapenak eta «bizimodu duinaren» eskea plazaratzeko. Hiru zutabetan iritsi dira Bizkaiko hiriburura: lehenengoa Enkarterritik abiatu da, Mungialdetik eta Txorierritik bigarrena, eta Durangaldetik azkena. Antolatzaileek adierazia zuten haien asmoa zela «baserritarren aldarrikapenak gizarteratzea» eta ez «hiria kolapsatzea», eta hala izan da: Bilborako bidea aparteko arazorik gabe egin dute, zenbait errepidetan auto ilara batzuk eratu diren arren, eta hiriburuan kale batzuk moztuta egon dira protestaldiak iraun duen bitartean, baina eguerdirako egoera normaldu egin da.

Lehenengo traktoreak 10:00etan iristekoak ziren, eta ordu erdi geroago heldu dira San Mames futbol zelaiaren aurreko gunera: Enkarterritik iritsitako 40 bat traktore ziren, astiro eta burrunbaka sartu direnak. Hogei minutu geroago iritsi dira Mungialdekoak, eta handik ordu laurdenera Durangaldekoak. Traktore gehienek afixak zeramatzaten aurreko aldean, nekazari eta abeltzainen aldarrikapen nagusiekin: Landagunea hilzorian dago eta baditu hiltzaileak; Gure lana zure jana; Baserririk gabe bizitzarik ez; Baserria itota, eta abar.

«Europako merkatu libreko akordio guztiak bertan behera utzi behar dira, eta moratoria bat indarrean jarri».

UNZALU SALTERAINBizkaiko EHNE

Bizkaiko EHNEko bozeramaile Unzalu Salterainek azaldu ditu nekazarien eskakizun nagusiak: «Europako merkatu libreko akordio guztiak bertan behera utzi behar dira, eta moratoria bat indarrean jarri. Akordio horiek galbidea ekartzen ari dira, hemengo baserritarrei ez ezik, Europa osoko nekazariei ere». Europako Batasunak Zeelanda Berriarekin hitzartutako akordioa jarri du horren adibidetzat: «Horren arabera, Zeelanda Berriak lehentasuna izango du hango bildotsa eta esnea hemengo merkatuetan sartzeko. Horrek izugarri beheratuko ditu prezioak».

Ekoizpenen prezioak gutxienez kostuak estaltzea ere galdegin du Salterainek: «Orain arteko bidea da kostu azpitik saltzea eta diferentzia diru laguntza batzuekin osatzea. Eredu horrek porrot egin du, eta ondorio negatiboak ditu ekoizleentzat zein kontsumitzaileentzat». Azkenik, «nekazaritza politiken aplikaziorako mekanismoak arintzeko» eskatu du Salterainek: «Burokraziak jan egiten gaitu».

Mobilizazio propioak

Salterainek esan duenez, Espainian otsailaren 6an egindako deialdiak asko baldintzatu ditu mobilizazioak: «Deialdi horrek ez du zerikusirik sindikatuekin; horren atzean lobby industrial handiak daude, eta ultraeskuina hura erabiltzen saiatzen ari da. Gu erabat desmarkatzen gara horretatik; gure mobilizazio propioak antolatu ditugu eta ez daukagu zerikusirik agenda horrekin».

Haserrea nabaria zen mobilizazioan parte hartu duten nekazari eta abeltzainen adierazpenetan. Karrantzatik (Bizkaia) iritsi da Saioa Bernales: «Aberatsak gero eta aberatsago dira, eta pobreak, gero eta pobreago. Etxaldeetatik produktuak prezio batekin ateratzen dira, eta gero beste batean saltzen dituzte, eta gure baldintzak gero eta okerragoak dira». Oscar Barreras ere Karrantzakoa da, eta esnea ekoizten duen etxalde bat du han: «Nigatik balitz, ez nuke produktu bakar bat gehiago ere salduko, jendea gure egoeraz jabetu arte». Gaizka Saldamandok, berriz, 26 urte ditu, eta hamabi urte zituenean hasi zen etxaldean aitari laguntzen. Karrantzan duen etxaldean haragitarako behiak hazten dituzte, montxina arrazakoak: «Bruselatik gero eta betekizun gehiago jartzen dituzte, eta prezioak ez dira bidezkoak. Adibidez, esnea produzitzen dutenak kostuen azpitik ari dira saltzen. Bitartekariek eramaten dute dena».

Mungialdetik iritsitako baserritarren testigantzak ez dira gozoagoak izan: «Guri betekizun batzuk ezartzen dizkigute, baina, gero, beste herrialde batzuetan ez daukate horrelakorik, eta haien kostuak askoz txikiagoak dira. Lehia ez da bidezkoa», azaldu du Laukizko Aimar Barturenek (Bizkaia).

«Bruselatik gero eta betekizun gehiago jartzen dituzte, eta prezioak ez dira bidezkoak. Bitartekariek eramaten dute dena».

GAIZKA SALDAMANDOAbeltzaina

San Mames inguruetan traktoreak biltzen ziren bitartean, Areatzan «azoka gardena» antolatu dute baserritarrek. Haien asmoa zen herritarrei erakustea posible dela ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko harreman bidezko bat ezartzea, eta, horretarako, Euskal Herrian sortutako esne bildotsen laurdenak saldu dituzte 20 euroan. Azoka zabaldu eta berehala jende ilara handiak eratu dira Areatzan: «Eskaintzak erakarrita etorri naiz, baina, aldi berean, baserritarrei elkartasuna adieraztera ere», esan du Santutxu auzoko Iñigo Lopezek, aldean bildots zatia zeramala.

Salgai jarritako berrehun bildots pieza azkar amaitu dira. Handik gutxira, traktoreak iritsi dira Areatzara, eta han bildutakoek txaloka hartu dituzte. Traktore gutxi batzuk musika kioskoaren aurreko gunera sartu dira, baina han guztientzako lekurik ez, eta gainerakoak udaletxe aldera eta Arriaga antzokiaren atzeko partera bideratu dituzte.

Xabier Arriaga Txiplas bertsolariak bertso bat kantatu ondoren, ekitaldi labur bat egin dute goizari errematea emateko. Bizkaiko ENBAko presidente Carlos Ibarrondok, EHNEko Andoni Garciak eta Etxalde elkarteko Maite Aristegik hartu dute hitza. Baserritarren aldarrikapen nagusiak aletu dituzte, eta herritarrei sostengua eskatu diete: «Zer Euskal Herri litzateke bere baserria ere galtzen duena?», galdetu du Ibarrondok, Oskorriren kantuaren testua bere eginez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.