Eta orain zer? Hori zen EBZ Europako Banku Zentraleko Frankfurteko egoitzan bildutako kazetariek Jean Claude Tricheti egindako galdera, hark baieztatu ondoren interes tasa ofizialak %4tik %4,25era igo zituela. Ohi bezala, Trichetek modu kriptikoan erantzun zien: «EBZk ez du inolako konpromisorik hurrengo urratsei buruz». Hau da, baliteke tasak beste puntu laurden batez igotzea edo bere hartan uztea urtea amaitu arte.
Atzoko bileran interes tasak igoko zituela gauza jakina zen, duela hilabete Trichetek berak hala egingo zuela iradoki zuelako eta iragan astelehenean asmoa berretsi zuelako. Ekain hasierako iragarpenak beste bultzada bat eman zion petrolioaren prezioari, eta inoizko handiena euriborrari, egun bakar batean %5,12tik %5,41era igo baitzen.
Hori dela eta, merkatuak etor daitezkeen mugimenduen arrastoen zain zeuden. Trichetek iradoki izan balu aurki tasak gehiago igoko dituela, oso litekeena zen euroak dolarrarekiko balioa handitzea eta horren ondorioz petrolioa garestitzea. Izan ere, interes tasak eurogunean handiagoak direnez -%2an daude AEBetan-, inbertsiogileak eurotan kotizatzen diren aktiboetara jotzeko joera dute, errentagarriagoak zaizkielako. Aldi berean, petrolioaren prezioak gora egiten du, dolarretan pagatzen denez, irabazi apalagoak ematen dituelako.
Euroa, behera
Baina Trichetek edozer egiteko ateak zabal-zabalik utzi zituenez, euroak balioa galdu zuen. EBZren bileraren aurretik 1,5909 dolarretan salerosten zen New Yorken, eta 1,5703ra Tricheten prentsaurrekoaren ondoren.
Adituek ere ez dute oso garbi zer gertatuko den datozen hilabeteotan. «Espero zen tasak berriro igotzeko arriskua mahai gainean utziko zuela. Baina emandako mezua da %4,25 nahikoa dela», azaldu zion Financial Times-i Divyang Shah Commonwealth Bankeko analistak. Antzeko iritzia eman zion Eferi JP Morgan inbertsio bankuko Silvia Pepinok: «Ziur aski, aurten ez ditu interes tasak gehiago igoko, gaurko igoera nahikoa dela uste duelako». Irailean interes tasak %4,50era igotzea aurreikusi du, berriz, Christoph Balz Commerzbankeko analistak.
Gauzak garbiago ditu, berriz, Suediako banku zentralak, Riksbankek. Atzo %4,5era igo zituen tasak eta onartu zuen urtea amaitu bitartean beste bi aldiz igoko dituela, inflazioa gaur egungo %4tik %2ra hurbiltzeko asmoz.
Inflazioa %4ra iritsi da
Inflazioaren bilakaeraren menpe dago EBZren erabakia ere. Maiatzean, %4ra heldu zen euroaren eremuan, mailarik handienera 1992ko maiatzaz geroztik. Urte hasieran EBZk espero zuen uda aldean hasiko zirela prezioak jaisten, eta horrek aukera emango ziola udazkenean tasak jaitsi eta ekonomiari bultzada emateko. Atzo, ordea, Trichetek onartu egin zuen petrolioaren eta elikagaien garestitzea uste baino eragin luzeagoa izaten ari dela prezioetan. Gainera, EBZ kezkaturik dago inflazio handiak ez ote duen soldatak «gehiegi» igotzea ekarriko eta horrek, ondorioz, inflazioa are gehiago handituko. Bigarren itzuliko inflazioa deritzo horri, eta 70eko hamarkadan inflazioa ia kronikoa izatea eragin zuen.
Oraingo inflazioak «soldatekin zerikusirik» ez duela erantzun dio Europako Sindikatuen Konfederazioak. Erakunde horretako Reiner Hoffmanen arabera, interes tasen igoera «langileek pagatuko» dute eta espero denaren aurkakoa egingo du, hots, petrolioa are gehiago garestitu eta inflazioa handitu.
Interes tasen jaitsiera eskatu dute Europako sindikatuek, baina baita gobernu askok ere. Azkena Espainiakoa izan da, baina aurretik Frantziakoari eta Alemaniakoari bezalaxe, entzungor egingo diela garbi utzi die Trichetek. «EBZ erakunde independentea da eta 320 milioi biztanlerekin du erantzukizuna; egokitzat daukaguna egingo dugu».
«EBZk ez duinolako konpromisorik hurrengo urratsei buruz»
«EBZ erakunde independentea da, eta egokitzat jotzen duguna egingo dugu»
jean claude trichet
Europako Banku Zentraleko presidentea
Trichetek ez du argitu interes tasak aurten gehiago igoko ote dituen
Espero bezala, diruaren prezioa %4,25era igo du Europako Banku Zentralak, inflazioari aurre egiteko helburuarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu