Europako Banku Zentralak ere ez du lortu Espainiako eta Italiako zor merkatuak baretzerik.Erakundeak arazotan diren herrialdeen bonuak erosiko dituela bigarren merkatuan, hori entzun nahi zuten, Jean Claude Trichet presidentearen ahotan. Hark, ordea, kontrako efektua eragin du. Anbiguotasunez hitz egin ostean, burtsek galera handiekin amaitu zuten eguna. MadrilgoIbex 35-ek%3,89ko jaitsiera izan zuen, azken 14 hilabeteetako handiena. Milango FTSE MIB indizeak are gehiago galdu zuen: %5,16.Burtsak behera eta arrisku sariak gora. Espainiarena 398,3 puntura iritsi zen, eta Italiarena 388,9 puntura. Euroa indarrean jarriz gerozti, inoiz ez ziren hain maila altuan egon.
Iazko udaberrian, herrialdeen zor publikoa erosteko programa jarri zuen martxan EBZk, Greziari laguntzeko asmoz. Ordutik Irlandaren eta Portugalen zorra ere erosi du. Alabaina, erakundeak bi hilabete zeramatzan geldirik, herrialde bakoitzari zegokiola krisiaren aurrean hartu beharreko erabakiak adostea iritzita. Adituen arabera, Trichetek zorra erosteko asmoa erakutsiz gero, inbertsoreen mesfindantza murriztu eta urak bere onera etortzea posible zen.
Itxura batean, adierazpen baikorrak egin zituen hark. Programa ez dagoela etenda baieztatu zuen, EBZren bileraren ostean egindako agerraldian.«Ikusiko duzue nola ari garen zentzu horretan esku hartzen. Ez nintzateke harrituko prentsaurreko hau amaitzerako merkatuetan zerbait igarriko balitz». Zor publikoa erosteko erabakia ez duela aho batez hartu aitortu zuen, baina bai «gehiengo handiz».
Haren hitzak entzun orduko, baikortasuna zabaldu zen merkatuetara. Bat-batean hamar puntu jaitsi zen Espainiaren arrisku saria, 380 puntutik 370era. Italiarena, berriz,hogei puntu. Gutxitan hitz egiten du argi Trichetek, iradokizunak ditu gustuko. Eta haren iradokizunak baieztapentzat hartzen dituzte merkatuek.Programa martxan dagoela esanda, Espainiaren eta Italiaren zorra erosi zuela edo erosiko zuela ulertu zuten inbertsiogileek.
Gutxi iraun zuen, ordea, barealdiak.Merkatuetako iturriek berri agentziei baieztatu zieten EBZk erosi zituela herrialdeen bonuak, baina ez zehazki Espainia eta Italiarenak; Irlanda eta Portugalenak baizik —bi herrialde horiek erreskatatu egin behar izan zituzten—. Astelehenean ematen ditu egindako erosketei buruzko datuak EBZk, eta orduan jakingo da zenbat diru erabili duen operazio horietan.Orain artean, ia 75.000 milioi euro gastatu ditu erakundeak herrialden bonuak erosten.
Espainia eta Italia ez aipatu izanak ordurarteko lasaitasuna hankaz gora jarri zuen.Orduek aurrera egin ahala gora egin zuten arrisku sariek, eta eguna amaitzerako markak hautsi zituzten.
Bonuen bigarren mailako merkatuan ere gero eta handiagoak dira bi herrialdeen gaineko zalantzak. Hamar urterako Espainiako bonuen interesa tasa %6,284ra iritsi zen atzo, eta Italiarena %6,189ra. Hau da, Alemaniaren zorra erosi ordez bi herrialdeena erosi nahi dutenek, interes tasa horiek eskatzen dituzte ordainetan.
Bonuen erosketaz argi hitz egin ez bazuen ere, bestelako neurri batzuk iragarri zituen Trichetek. Banku komertzialentzak barra irekita utzi du. Abuztuaren 10ean enkantea egingo du,sei hilabeterako likidezia eskainiz. Krisia hasiz geroztik halako neurriak gehiagotan ere hartu ditu EBZk, baina 2009 bukaeraz geroztik inoiz ez. 2012ko martxoan 1ean amaituko da programa, eta orduan ordaindu beharko dituzte interesak finantza erakundeek. Sei hilabete horietan interes tasek egiten duten batez bestekoarekin kalkulatuko dute ordaindu beharreko tasa.
Interes tasei buruz ere hitz egin zuten bileran. Espero bezala %1,5ean utzi zuten diruaren prezioa. Aurten, prezioa bi aldizigo du EBZk, eta urtea amaitzerako beste igoera bat espero da, urri inguruan.
Gutuna herrialdeei
Espainiaren eta Italiaren zor merkatuen bilakaera ikusita, «egoera kezkagarria» dela adierazi duJose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteak. Herenegun gutuna bidali zien euroguneko gobernuburuei. Aitortu du Europako Gobernuek adostutako azken neurriek ez dituztela esperotako ondorioak ekarri.Horrez gain, krisia ez dela jada Euroguneko periferiako herrialdeetara mugatzen azaldu du.
Barrosoren arabera, beharrezkoa da finantza egonkortasunerako Finantza Egonkortasunerako Europako Funtsa (EFSF inglesez) hobetzeko formulak aurkitzea, haren gaitasuna handitu eta «gaur egungo kutsadura» saihesteko.
Uztailean onartu zuten funts hori, eta berez 440.000 milioi euroko ekarpena du. Adituen arabera, praktikan 250.000 milioira murrizten da; 2013tik haren ordezkoa izango den Europako Finantza Egonkortasunerako Mekanismoa, berriz, 500.000 milioikoa izango da.
Finantza arazoak gertatu aurretik ekiditeko erabili nahi dute EFSF. Helburu horrekin, funtsak mailegu bereziak eman ahal izango dizkie salbamendu egoeran ez dauden estatukideei, eta euroguneko bankuei premiazko kapitala emateko ere erabiliko dute. Adituen arabera, 450.000 milioi nahikoa dira Grezia, Portugal edo Irlandaren moduko herrialde txikiei laguntzeko, baina oso motz geratzen da euroguneko herrialde handi batek —Espainiak etaItaliak kasu— laguntza behar izanez gero. Merkatuei hartutako neurriak egokiak direla sinestarazterik ez dutela lortu ere esan die Barrosok gobernuburuei.
Zorraren krisia
Trichetek lurrera eraman ditu burtsak eta zerura arrisku sariak
Espainiaren eta Italiaren bonuak erosiko dituenik ez du ziurtatu EBZk, eta merkatuek uzkur jarraitzen duteBankuei sei hilabetereko likidezia eskainiko die EBZk, hilaren 10ean enkantea eginda
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu