Munduko ekonomiak zurrunbilo batean sartuta igaro du apirila, hilaren 2an Donald Trumpek muga zergen ditxosozko afixa hura atera zuenetik. Baina zirimola betean, apirilaren 11n, Argentinak beste oxigeno bonbona erraldoi bat lortu du NDF Nazioarteko Diru Funtsetik: 20.000 milioi dolarreko mailegua.
Hain zuzen, 12.000 milioi dolarrekoa izango da Hego Amerikako herrialde horretako erreserben kutxa hutsa betetzeko lehen ordainketa, eta ekainean iritsiko zaizkie beste 2.000 milioi dolar.
Aspaldiko abestiak «Kennedy gure laguna zen, anai bat bezala» esaten zuen, hildako presidente estatubatuar haren omenez. Trump bizi-bizirik dago, baina Javier Milei Argentinako presidenteak badu hura omentzeko motiborik.
Lehendik ere miresmenez begiratzen zion, nahiz eta Milei teorian merkataritza askearen zalea izan eta Trump muga zergen bultzatzailea. Baina Mileik esan dezake Trump laguna duela, anai bat bezala. Zergatik? Askoren ustez, Trump eta haren administrazioa daudelako, zuzenean edo zeharka, NDFk Argentinari emandako tratu bereziaren atzean.
Aitortu behar da Argentinako Gobernuak bete egin dituela NDFk laguntza ematearen truke ezarritako baldintzetako batzuk, argentinarrek sakrifizio handia eginda bete ere. Mileik motozerra lan betean jarri zuen iazko urtarrilean, eta BPGaren %5en adinako itzelezko murrizketa egin zuen gastu publikoan; esaterako, pentsioetan eta hezkuntzan.
Horrez gain, inflazio handia moteltzea lortu du oraintsu arte. Eta pobrezia datuak ere apaldu ditu, tasa %53tik %38ra igaro baita.
%55,9Urte arteko inflazioa zenbatekoa izan den Argentinan martxoan. Otsailetik martxora, urte arteko inflazioak behera egin du Argentinan, %66,9tik %55,9ra. Hilabeteko inflazio tasak, ordea, igotzen hasi dira aurten. Urtarrilean %2,2ra jaitsi zen hileko tasa, baina otsailean igo egin zen, %2,4ra, eta martxoan ere bai, %3,7raino.
Baina, apirileko erreskatea kontuan hartuta, 23. aldia izango da Argentinak NDFtik mailegu bat jasotzen duena. Deigarria da, erakunde multilateral horren maileguen herenak Argentinari emandakoak dira orain —ia 50.000 milioi dolar—, nahiz eta Hego Amerikako herrialde horrek hainbatetan eta hainbatetan utzi zorrak ordaintzeari —edo azkenean kitapen handiekin ordaindu—.
Uste nahiko zabaldua da, ordea, NDFk keinu bat egin nahi izan diola Trumpi, jakina baita AEBetako presidenteak ez duela oso begiko erakunde hori. Besteak beste, Trumpen aginduz aztertzen ari dira AEBek erakunde multilateraletan duten parte hartzea. Eta, beraz, hainbat analistaren ustez, Kristalina Georgieva NDFren zuzendariak Trumpi erakutsi nahi izan dio erakundea baliagarria dela.
Dena den, AEBek oraindik estu hartuta daukate erakundea. Aski da Scott Bessent AEBetako Altxorreko idazkariak apirilaren 14an —NDFk laguntza onartu ostean—Buenos Airesera egindako bisitan esandakoei erreparatzea.
«Argentinak NDFren babesa merezi du, benetako aurrerapenak egiten ari baita finantza parametroak betetzeko. Baina herrialde guztiek ez dute merezi», esan zuen Bessentek. «NDFk kontuak emateko eskatu behar die herrialdeei erreforma ekonomikoak ezartzeagatik. Eta, batzuetan, NDFk ezetz esan behar du».

Bazeuden, hala ere, aldagai batzuk Mileiren neurri ekonomikoen bideragarritasuna zalantzan jar dezaketenak, nahikoa arrazoi izan zitezkeenak NDFren ezetza jasotzeko edo laguntza apalagoa izateko.
Hain zuzen, peso indartsua izan da Javier Mileiren arma nagusietakoa Argentinako inflazioa menderatzeko. Herrialde horretakoko banku zentralak dolarrarekiko truke ofiziala zorrotz kontrolatu du azken hilabeteetan, horretarako dolar estatubatuarrak gastatuz, alegia, erreserba eskasak xahutuz.
Baina gero eta zailago zuen horrela jarraitzea; batetik, merkatu paralelo ez-ofizialean dolarraren prezioa %24 garestiago salerosten zelako pesotan; eta bestetik, Nazioarteko Diru Funtsak laguntzearen truke kontrol horiek malgutzea eskatu ziolako.
Teorian, pesoaren balio artifizial gehiegizkoak eta trukearekin gerta litekeenak urrundu egiten ditu inbertsiogileak Argentinatik. Eta inbertsio horiek gabe, Mileik ezinezkoa du bere politikak garatzea.
Bestalde, baina, trukearen gaineko kontrola kentzeak eragin dezake debaluazio handia sortzea eta berriro inflazioa izatea, eta hori gertatuz gero, Mileiren aukerak asko murriztuko lirateke urrian egitekoak diren legealdi erdiko hauteskundeetan.
Pesoaren balioari eusteko orduan, uzta sasoia du lagunik handiena Argentinak. Apirilean hasi da sojaren uzta
Baina zalantzen artean, AEBen babesa eta NDFren erreskatea iritsi dira. Eta euskarri horrekin, Argentina Gobernuak pesoaren trukearen gaineko kontrola pixka bat arindu du. Argentinarrei dolarrak erosteko aukera batzuk eman dizkio, eta truke ofizialean dolarra 1.000 eta 1.400 pesoen artean flotatzen utzi du.
NDFek Mileiri agindua, pesoa dolarrarekiko 1.400era jaitsi arte ez erabiltzeko erreserbako dolarrik pesoa indartzeko. Pesoak galdu du balio pixka bat azken egunetan, kontroleko 1.075 pesotatik 1.169 pesora igota. Baina oraingoz ez da jaitsiera handirik izan, eta truke ez-ofizialak erakusten duen errealitatea ez da truke ofizialean islatu.
Gero gerokoak
Hori lortzeko hainbat neurri tekniko hartu dituzte Mileik eta Argentinako banku zentralak, baina horien gainetik, pesoaren balioari eusteko orduan, uzta sasoia du lagunik handiena Argentinak. Apirilean hasi da sojaren uzta, eta gariarekin batera, ale horiek dira herrialdeak dolarrak lortzeko dituen bide nagusia.
Egia da, halaber, pesoa indartsuegi egonez gero balitekeela ekoizleek soja biltegiratzea eta zain egotea, dolar gutxiago lortzen dituztelako esportazioetan. Baina Mileik esan die orain saltzeko, eta ohartarazi ekainean esportazioen gaineko zergatako behin-behineko kenkari bat kenduko duela.
Baina zer gertatuko da hurrengo hilabeteetan, nekazaritza esportaziorik eta dolar sarrerarik ez dagoenean? Hauteskundeei begira inflazioa kontrolatzen jarraitzeko, ez ote du Mileik berriz ere dolarrak xahutzen hasi beharko pesoari artifizialki eusteko? Zenbateko kaltea eragin diezaieke horrek erreserbei eta hazkundeari? Ikusi beharko. Oraingoz behintzat, lagunak lagundu dio.