Pazientzia izan da, zuhurtasunarekin batera, AEBetako Erreserba Federalaren politika urteotan. Hainbeste, ezen interes tasak zeron izoztuta eduki dituen zazpi urtez 2008an krisia lehertu zenetik, atzeraldiari aurre egin eta ekonomia suspertzen laguntzeko. Iazko abenduan erabaki zuen tasen maila puntu laurden igotzea, hamarkada osoan lehen aldiz. Eta beste urtebete pasatu behar izan da herenegun beste puntu laurden bat igotzeko. Tasak %0,50 eta %0,75 artean daude, maila oso apalean oraindik, eta poliki-poliki igo nahi ditu Janet Yellenek datorren urtean, hiru pausotan, 2017a %1,5ean amaitzeko. Baina Donald Trumpek agindutako pizgarri politikek eta zerga jaitsierek pazientzia galarazi diezaiokete Yelleni, eta behartu dezakete azkarrago garestitzera diruaren balioa.
Pizgarri fiskalak eta diruaren pizgarriak aldi berean martxan egoteak ekonomia gehiegi berotuko luke, eta hori ez gertatzea da Feden lana. Presidente errepublikanoak hauteskunde kanpainan agindu zuen bilioi bat dolarreko inbertsio publikoa egingo duela azpiegituretan eta defentsa sektorean. Horrez gain, hitzeman zuen zergak jaitsiko dizkiela norbanakoei eta familiei maila guztietan, eta sozietate zerga %15eraino txikituko duela; ofizialki, %35ean dago enpresen zerga, baina praktikan, kenkariak kontuan hartuta, %12,3koa da, AEBetako Estatuko Kontabilitate Bulegoaren arabera.
Dolar indartsua, kalterako
Trumpen pizgarriek inflazioa igotzea ekar dezakete, eta Fedek kontrapisu moduan jokatu beharko luke interes tasak igoz,kontsumoaren prezioen indizea gehiegi igo ez dadin. Gaur egun %1,6an dago inflazioa; banku zentralaren helburutik hurbil dago, %2tik behera baina gertu. Trumpen hauteskundeetako garaipen hutsak asko animatu ditu burtsak eta dolarra, eta egunkari batzuk dagoeneko trumpflazioaz berbetan hasi dira, presidente berriaren politikek inflazioa gorantz bultzatu dezaketelakoan.
Trump efektua, hain zuzen, kontrako olatu bat sortzen ari zaio presidenteari berari. Izan ere, dolarra garestitzeak hankaz gora jarriko luke bere helburua, AEBen 58.000 milioi euroko merkataritza defizita txikitzea. Dirua zenbat eta garestiago izan, orduan eta zailagoa da esportatzea konpainientzat. Etxe Zuriko maizter berriak kanpainan behin eta berriz ohartarazi zuen dolar garestia zein arriskutsua litzatekeen enpresentzat. Bada, merkataritzarekin haztatutako dolarraren balioa %3,3 handitu da hauteskundeak irabazi zituenetik. Horri Feden azken erabakia batuta, dolarra ia euroaren parera igo da; trukean 0,957 euroko baliora iritsi zen atzo.
Aditu batzuk beldur dira dolar garestiak eta pizgarri politikek ez ote dioten argudioa emango Trumpi politika protekzionistetan sakontzeko. Manufaktura lanpostuak AEBetara erakarri nahi ditu, eta esportazioak handitu; baina dirua indartuta, esportazioak txikitu eta inportazioak igoko lirateke, merkeagoa litzatekeelako kanpoko produktuak erostea. Inportazioentzako arantzel bereziak jartzeko tentazioa izan dezake presidente errepublikanoak, konpainia estatubatuarrak babesteko. Horrek, jakina, tentsioak eragingo lituzke, besteak beste, Txinarekin eta Europako Batasunarekin.
Aurreikuspen diferenteak
Trumpen estiloa eta Yellenena ez datoz bat. Hitzez hitz esan ez badu ere, Fedeko presidentea ez dago ados errepublikanoaren asmo politiko-ekonomikoekin. Enplegu osoa eta prezioen egonkortasuna bermatzea dira Erreserba Federalaren bi egiteko nagusiak, eta Yellenek esan du ez dela beharrezkoa pizgarri fiskalak aktibatzea helburuok lortzeko.
Trumpen administrazioarekin harremanetan dago dagoeneko, gobernu «trantsizio leun bat bermatzeko». Yellenek 2018ko otsailaren 3ra arte jarrai dezake karguan —2014an hartu zuen—, eta ez du lehenago uzteko asmorik; baina Trumpek aukera izango du Erreserba Federalaren norabidean eragiteko. Bi bide dauzka : politika ekonomiko-fiskalarena da bata, eta Feden egituran izendapenak egitearena da bestea.
Urtarrilaren 20an hartuko du kargua, eta pizgarri ekonomiko eta fiskalak ezartzen has daiteke ordutik aurrera. Printzipioz ez luke arazo handirik, gehiengoa daukalako bi ganberetan. Bestetik, Fedeko gobernu kontseiluan hutsik dauden bi aulkiak bete ditzake —berez hamabi lagunek osatzen dute gobernu kontseilua, baina hamar daude orain—. Barack Obamak ezin izan zuen inor aukeratu, ez zeukalako Senatuaren babesik. Baina Trumpek ez luke arazorik izango.
Nolanahi ere, Yellenek 2018ra arte eusten badio, Etxe Zuriko presidenteak orduan ondorengoa izendatu dezake. Bien bitartean, Trumpek jarritako donu eta erritmoan dantza egitera behartu dezake Fed.
Yellenek berak aitortu du gobernuaren politikek erreserbaren aurreikuspen eta erritmoak alda ditzaketela. Fedek aurreikusten du ekonomiaren hazkundea %2,1ekoa izango dela 2017an, %2koa 2018an eta %1,9koa 2019an; magnateak espero duen %3-%4ko hazkundetik urrun.
Tasen igoera geldoa nahi du Yellenek, susperraldi ekonomikoari kalte ez egiteko. Hain zuzen, ekonomia sendo dagoelako erabaki du tasa 0,75era igotzea: BPGak %3,2ko hazkunde erritmoa du, langabezia %4,6an dago, eta inflazioa %1,6an. Europako Banku Zentralaren kontrako bidea egiten ari da Fed, diru politika hedagarritik uzkurgarrira. Trantsizio horren tempoa dago orain jokoan.
Trumpek abiadura bizkortuko dio Yelleni
AEBetako Erreserba Federalak hamar urtean bigarren aldiz igo ditu interes tasak, baina oso apal jarraitzen dute, %0,5 eta %0,75 artean. Pausokako igoera lasaia nahi du 2017rako, susperraldi ekonomikoari kalte ez egiteko. Baina Etxe Zuri berriaren pizgarri politikak azeleratu egin dezake Feden erritmoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu