Finantza merkatuetako belatzeen atzaparrak gainean dituela, Donald Trumpek lortu du nahi zuen argazkia. Ados jartzeko gai dela erakutsi du Erresuma Batuarekin merkataritza akordio bat lortuta, mundu osoko bere bazkide komertzialei eraso egin eta bost astera.
Argazkia, baina, ez da osoa. AEBetako presidenteak «itun integral» gisa aurkeztu badu ere, ez da hala izango, ez baitu egiturazko esparrurik finkatzen bi herrialdeen artean. Erresuma Batuko inportazioei berriki iragarritako muga zergei buruzkoa baino ez da; ez du, besteak beste, inolako akordiorik jasotzen elikadura produktuen estandarrei buruz, eta hori izan da historikoki bien harreman komertzialetan tirabira handienak sortu dituen gaietako bat.
Gainera, mundu osorako muga zerga berriak iragarri zituenean, Erresuma Batua izan zen Trumpek gutxien zigortu zituenetako bat, bien arteko merkataritza balantza nahiko orekatua zegoela argudiatuta —AEBen aldekoa da—. Europako Batasunak eta Txinak tarifa astunagoak jaso zituzten, %25ekoa eta %104koa, hurrenez hurren.
Londresi, berriz, %10eko zerga orokorra jarri zion, baina munduko gainerako herrialdeei bezala %25ekoa aplikatu zien autoen, aluminioaren eta altzairuaren inportazioei. Produktu farmazeutikoentzako tarifa bereziak jarriko dizkiela iragarri zuen orain dela gutxi. Eta hain justu horiei guztiei eragingo die akordio berriak.
Autoak haragiaren truke
Hala jakinarazi du Trumpek, Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministroa telefonoaren bestaldean zuela egindako agerraldi batean. Ez dute akordioari buruzko zehaztasunik eman. «%10ean hasi eta %10ean amaitu dugu», esan du Howard Lutnick Merkataritzako idazkariak, kazetariei erantzunez, eta gaineratu du trukean AEBek «erraztasun gehiago» izango dituztela Erresuma Batuko merkatuan beren etanola, haragia, nekazaritzako elikagaiak eta makinak sartzeko. Etanolaren muga zerga, adibidez, lehen %19 zen, eta orain zero izango da, Brooke Rollins Nekazaritza idazkariak gaineratu duenez.
Bestalde, Londresek agiri batean zehaztu duenez, Erresuma Batuko autoei ezarritako muga zerga murriztuko dute AEBek —lehen %27,5 zen, eta orain %10—, eta 100.000 autori aplikatuko diote. Hain justu kopuru hori da iaz Erresuma Batuak AEBetara esportatu zuena. Era berean, esan du Erresuma Batuko industria siderurgikoak ez duela muga zergarik izango. Produktu farmazeutikoei dagokienez, Londresek aipatu du AEBek oraindik ez dutela zehaztu zer muga zerga jarriko dizkieten, baina Erresuma Batuak «etorkizunerako babesa» ziurtatu duela.
Ekonomikoki, Erresuma Batua izango da neurrien onuradun nagusia. Europako Batasuna bloke gisa alde batera utzita, AEBak dira haren bazkide komertzial nagusia: 235.000 milioi euro inguruko bolumena duten ondasunak esportatzen ditu urtean. Produktu nagusiak ibilgailuak eta botikak dira. Aitzitik, AEBentzat akordioak ez dakar aldaketa handirik. Erresuma Batua AEBetako 11. merkataritza bazkidea da: bere esportazioen %3 baino ez.
Europara eta Txinara begira
Trumpek azpimarratu du berarentzat «ohore handia» dela Londresekin muga zergei buruzko lehen ituna egitea, eta bi herrialdeen arteko «historia luzea eta elkarrekiko leialtasuna» nabarmendu ditu. Gaineratu du prest dagoela «serio negoziatzen» ari diren beste herrialdeekin ere akordioak egiteko.
Starmerren ustez, akordio garrantzitsua da. Aste honetan Indiarekin ere egin du merkataritza itun bat, Brexitaren ondorengo lehena. Horrez gain, AEBen eta Europaren arteko zubi diplomatiko gisa jarduteko atea ireki diezaioke.
Izan ere, asteak dira Bruselako ordezkariak Washingtongoekin hizketan ari direla, ez aurrera ez atzera. «Guk erabateko konpromisoa dugu irtenbide negoziatu bat aurkitzeko, baina, aldi berean, agertoki guztietarako prestatzen jarraitzen dugu», azaldu du ostegun honetan Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak.
Bruselak proposamen bat aurkeztu die EBko estatu kideei, AEBetako 95.000 milioi euroren inportazioei eragingo liekeen neurri sorta bat jasotzen duena. Ez da muga zergen ehunekoaren igoerarik zehazten, baina zigortu nahi dituen produktuen zerrenda bat azaltzen da. Hor daude, besteak beste, produktu kimikoak eta plastikoak, hegazkin eta osagai aeronautikoak —praktikan Boeingi eragingo lioke—, autoak eta osagaiak, eta elikagaiak. Gainera, Europako hainbat produktu AEBetara esportatzea debekatuko luke, eta salaketa bat jarriko luke AEBen aurka Munduko Merkataritza Erakundean.
Batzordeak estatuei bidali die proposamen hori, eta ekainaren 10ean amaituko da kontsulta epea. Bien bitartean, elkarrizketak martxan dira. Uztailaren 8an amaituko da Trumpek hitza betetzeko jarri duen epea.
Txinak ere muga hori du. Baina Pekinekin bestela negoziatzeko prest azaldu da Trump. Dena den, bere ohiko tonuan esan du Txina dela harekin hitz egin nahi duena —Pekinek %84ko muga zerga ezarrita erantzun zion—. Asteburu honetan bilduko dira lehen aldiz bi herrialdeetako ordezkariak, Suitzan. «Nork hartu zuen lehen erabakia, nork ez? Berdin dio. Gela horretan gertatzen denak bakarrik axola du», adierazi du Trumpek.