TRW

TRW, negoziatzeko prest

Bihar Europa mailako bi arduradun etorriko dira Iruñera, Maciej Gwozdz eta Martin Furber, eta langileek greba utziko dute astelehena bitarte.

joxerra senar
2016ko otsailaren 18a
07:53
Entzun

Jokaleku berri bat ireki da. Gaur 13:00etan TRWren Europako enpresa batzordeak eta zuzendaritza nagusiak egindako bileran, multinazionalak Iruñeko langile batzordeko ordezkariekin negoziatzera esertzeko borondatea azaldu du. "Europako gure lankideek esfortzua egin dute hori gerta zedin", esan du Josi Alvarez Iruñeko langile batzordeko presidenteak.

Gaurko 13:00etako bileraren ondoren, Iruñean langileek batzarra egin dute 16:00etan. Bertan, erabaki dute greba uztea gaurko 22:00etatik astelehenera arte, "borondate ona azaltzeko". Asteartean, negoziazioen nondik norakoen arabera, zer egin baloratu dute beste batzar batean. "Pozik gaude negoziatzera etorriko direlako, lehen egunetik egin dugun exijentzia izan delako. Gure proposamen guztiak jarriko dizkiegu mahai gainean".

Hala, oraingoz lau egun dituzte negoziatzeko. Maciej Gwozdz TRWren Europako operazio arloko presidenteordea eta Martin Furber TRWren giza baliabideetako arduraduna etorriko dira. Multinazionalak konpromisoa hartu du negoziazioak irauten duen bitartean, hots, asteartera bitartean ez duela erregulazioko espedientea aktibatuko. Era berean, fabrikaren epe ertain eta luzeko bermeez hitz egiteko prest azaldu dira. "Bihartik aurrera ikusiko dugu akordio bat lortzeko gai garen", azpimarratu du Alvarezek.

Langileek pozik hartu dute pauso berri hau. Izan ere, gauerdian amaitu da berez TRWk 250 langile kaleratzeko erregulazio espedientea negoziatzeko epea. Edonoiz etor zitezkeen kaleratze gutunak, eta azken itxaropena Europan 13:00etan egindako bilera horretan zegoen. Orain, negoziatzeko prest dagoela dio TRWk, baina, "eszeptizimoz" eta zuhurtziaz ere hartu dute albistea.

Josi Alvarezek nabarmendu du TRWko langileek, langile batzordeak eta Nafarroako gizarteak TRWri egindako aldarrikapenek  oihartzuna izan dutela. "Horrelako arazo batean, multinazional batek eseri egin behar du, eta ez inposatu".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.