Arcelor Mittalen Zumarragako plantaren itxiera partzialaren minaren kontrapuntua izan da Zestoako TS Fundiciones zena irekitzearen poza. Planta berriz ere martxan jarriko dute laster, 2014ko ekainetik itxita egon ostean. «Poza, ilusioa eta gogoa» aipatu zituzten atzo Zestoan prentsaurrekoa eman zuten TSko langile ohiek. Aurrerantzean GRI Castings izena izango du konpainiak, eta datozen lau urteetan 121 lanpostu sortuko ditu.
Tartean TSko 85 langile ohiak kontratatuko ditu mailaka-mailaka. Iraeta Winden eskaintza onartu zuen epaileak joan zen maiatzean: 5,1 milioi euro jarri zituen mahai gainean Zestoako plantaren truke, eta bertako langileak kontratatzea agindu zuen. Gonvarri Taldearen eolikoen dibisioa da Iraeta Wind, eta Gestamp konpainia da jabea.
Sektore eolikorako eta automoziorako piezak ekoitziko dituzte Zestoako plantan. Orain 25 langile ari dira lanean, piezak egiteko erabiliko den saldaren probak egiten, eta langile kopurua handituz joango da jarduera martxan hastearekin batera.
Lan ituna ixteko daukate oraindik. Langileek 2010-2011ko Gipuzkoako metaleko hitzarmena jarri dute oinarri gisa. Negoziazioa «nahi baino gehiago» ari da luzatzen, baina borondatea egonez gero, «itun duina» lortuko dutelakoan daude.
TS Fundiciones martxan berriz ere Zestoan, ia bi urteren ostean

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu