Arriskurik ez hartzea erabaki du Alexis Tsiprasek Giannis Varufakisen ordezkoaren hautaketan. Euklid Tsakalotos izendatu du Finantza ministro, Rigako bileran Varufakisek beste ministroekin izandako ika-mikaren ondoren, euroguneko buruekin negoziazioak gidatu dituen taldeko buru izandakoa. Orain arteko ministroaren moduan, ekonomia irakaslea da Tsakalotos ere, baina haren aurrean pertsona zuhurragoa da eta hizkera leunekoagoa da, eta horrek bazkideekin akordio bat lortzeko lagunduko diola espero du Tsiprasek.
Greziarra izan arren, Tsakalotos Ingalaterrako goi irakaskuntza pribatuko produktu bat da. Greziako klase ertain-altuko familia bateko semea, Rotterdamen (Herbehereak) jaio zen 1960an. Aita ingeniari zibil bat zen, Greziako ontzi industria boteretsuarentzat lan egindakoa, eta familia oso kontserbadore batekoa. Ministro berriaren aitonaren osaba Thrasyvulos Tsakalotos izan zen, 1946-1949ko gerra zibilean eskuindarraren armadaren buruzagia. “Okerreko aldean zegoen”, ziurtatu du Tsakelotosek.
Haurtzaroan Londresera joan zen familiarekin bizitzera, eta Ingalaterrako hiriburuko erdialdeko eskola pribatu esklusibo batean ikasi ondoren, Oxforden egin zituen ekonomia ikasketak. Ezohiko leku horretan bilakatu zen ezkertiar, suminduta Bigarren Mundu Gerraren ostean zer-nolako bazterketa jaso zuen Greziako ezkerrak. “Nazio bakarra ginen erresistentzia mugimendu batean parte hartu zutenak paria gisa tratatzen zituztela, alemaniarrekin kolaboratu zutenek gauzak erraz zituzten bitartean”.
Ingalaterran sartu zen Greziako alderdi komunistaren ikasleen adarrean, eta Greziara itzuli zenean Synaspismoseko partaide bilakatu zen. Ezkerreko alderdi txiki baina europazale hori da —KKE alderdi komunista Europako Batasunetik ateratzea defendatzen du- da gaur egungo Syrizaren ernamuinetako bat.