Urtarrilaren 25ean Syriza Ezker Erradikaleko Koalizioak Greziako hauteskundeak irabazi eta gobernua osatu zuenetik, Alexis Tsipras lehen ministroak bilerak egin ditu Europako Batasuneko ordezkariekin, eta Gianis Varufakis Finantza ministroa ere bildu da Wolfgang Schaeuble Alemaniako Finantza ministroarekin. Gaur, ordea, lehen aldiz elkartuko dira Angela Merkel Alemaniako kantzilerra eta Tsipras.
Aldrebestua dago bi gobernuen arteko giroa, Greziaren zorraren ordainketak eta Alemaniak Bigarren Mundu Gerrak Grezian eginiko kalteen ordainak nahastuta. Bi gobernuen harremana baretzea izango da helburuetako bat. Greziako Gobernuak ohar batean azaldu duenez, "alde biko harremanak eta Europako gai nagusiak" izango dituzte hizketagai.
Ostiraletik, erreforma zerrenda bat lantzen ari da Greziako Gobernua, bigarren erreskatetik jaso ez duen dirua eman diezaioten. Tsiprasek nabarmendu du bere gobernua negoziatzen eta "aldi berean gobernatzen" ari dela, besteak beste krisi humanitarioaren kontrako legeei erreferentzia eginez.
Atenasek aurkeztu beharreko erreformez, Tsiprasek azaldu du batzuk martxan daudela jada, "herrialdea normaltasunera itzultzeko eta galdutako urteak berreskuratzeko". Bigarren Mundu Gerrako kalteak ordaintzeaz, batzorde bat sortu du Greziako Parlamentuak, Alemaniak Greziari itzul diezaion gerra garaian utzitako dirua. Merkelek, ordea, itxitzat du gai hori.