Zestoako (Gipuzkoa) TS Fundiciones enpresaren likidazio planaren barruan, administratzaile konkurtsalak eta epaileak lehen fasean inongo eskaintzarik ez onartzea erabaki dute. Fase horretan enpresa osoa erosteko aukera zuen edonork, eta bi eskaintza izan dira.
Batetik, Gonvarri Renewable Industriesek hiru urtean 120 langileri lana ematea aurreikusten duen proiektua aurkeztu du. «Inbertsioak agintzen zituen, bideragarritasun plana», azaldu dute langileek. Informazio gutxiago dute bigarren eskaintzari buruz. Txekiako Zpa Peckyk egin du. «Milioi bat euroko eskaintza egin du, baina ez du jarri beharrezko %5eko finantza».
Bi proposamenetako bakar batek ere ez du ase epailea, eta likidazioko lehen fasea hutsik uztea erabaki du, eskaintzak hobetzeko aukerarik eman gabe. «Likidazio planean, horretarako aukera ematen zen; arduragabekeria da ez onartzea». Lantegiko ELA eta LAB sindikatuek jakinarazi dute epailearen autoari helegitea jarriko diotela, «lehen fase hau bukatutzat eman ez dadin eta aukera guztiak araka daitezen enpresaren bideragarritasuna bermatzeko». Errekurtsoa onartua izatea espero dute langileek, «beti defendatu duguna bete dadin: TS bideragarria zen, da eta izango da».
Salatu dute epailearen erabakiaren ondorioz prozesuak bi hilabete luzatuko dela orain. «Ez dakigu TS Fundiciones irekitzeko azken aukera ixten duen epailearen erabakia. Administratzaile konkurtsalak esan digu ez dakiela eskaintza berririk izango den, eta ez dago inongo bermerik eskaintza egin dutenek mantenduko duten».
Langileek adierazi dute beldur direla «interes espekulatiboak» gailenduko ote diren: «Badakigu inguruan dabiltzala lehia berria oztopatzea beste helbururik ez duten enpresari putreak». Prozesuan inplikatzeko eskatu diete instituzio guztiei —Jaurlaritzari, Diputazioari eta epaitegiari—, TSk etorkizuna izan dezan.
TSko langileek errekurtsoa jarriko dute likidazioko lehen fasea ez amaitzeko
Zestoako konpainiako ELA eta LABen ustez, «arduragabekeria» da epaileak aukerarik ez eman izana orain arteko bi eskaintzak hobetzeko

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu