Tubacex etengabe hazi da 2021ean kaleratzeak egiten saiatu zenetik

20 milioi euroko irabazia izan du aurtengo lehen sei hilabeteetan, iaz epe berean lorturikoa baino %119 handiagoa. 434 milioiren salmentak egin ditu, eta eskari zorro oso handia du: 1.650 milioi

Francisco Javier Garcia Tubacexeko presidentea eta Jesus Esmoris kontseilari delegatua urteko emaitzen berri ematen. LUIS TEJIDO / EFE.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2023ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Ekainaren 22an bi urte bete ziren Tubacexek egin asmo zuen erregulazio espedientearen auzia epaitu zenetik. Bi egun haietan, enpresako abokatuek eta perituek iragarpen apokaliptikoak egin zituzten EAEko Auzitegi Nagusian, eta azaldu zuten 128 langile kaleratu ezean Amurrioko eta Laudioko (Araba) planten etorkizuna kolokan egon zitekeela. Iragarpen txar haiek, baina, zerikusi txikia izan dute enpresak ondoren izan duen bilakaerarekin. Harrezkero, hodi enpresak zortzi hazkunde hiruhileko kateatu ditu jarraian, eta aurtengo lehen seihilekoan inoiz baino gehiago saldu du.

Tubacexek aurtengo lehen seihilekoko kontuak aurkeztu dizkio CNMV Balore Merkatuaren Espainiako Batzordeari, eta datuek enpresaren bolada ona berretsi dute. Seihilekoan 20 milioi euroko irabazi garbia izan du —64 milioikoa, zergen eta betebehar finantzarioen aurretik—, iazko epe berean baino %119 handiagoa. 434,8 milioiren salmentak izan ditu, sei hilabeteko tarte batean inoiz izan dituen handienak.

Jesus Esmoris enpresako kontseilari ordezkaria pozik dago zenbakiekin: «Emaitzak hobetzeko eta kutxa gordina handitzeko eginak genituen gure aurreikuspenak bete egin dira. Eskari zorro handia dugu, eta salmenta urte historiko bat iragar dezakegu». Enpresaren datuek arrazoia ematen diote; izan ere, Tubacexek lan karga handia du. Gaur egun, 1.650 milioi euroko eskari zorroa du, aurtengo lehen seihilekoan fakturatu duena baino 3,7 aldiz handiagoa. Taldeak 146 milioi ditu kutxan, eta 204 milioiko likidezia. Zerga finantzarioa, berriz, 54,5 milioi eurokoa da. Azken urtean %42 igo da akzioen balioa.

Tubacexek azaldu du datu horien oinarria balio erantsi handiko produktuen salmenta dela, eta energiaren eta lehengaien garestitzea beren azken prezioetara eraman ahal izan dutela. Salmenta horien %42 industria sektorean egin dituzte, %19 gasa garraiatzeko erabiliko dira, %15 petroliorako, %16 merkatu berrietarako, eta %8 powergen deritzonerako —energia sorrera—. Entresaka geografikoa eginez gero, salmenten %40 Asian eta Ekialde Hurbilean egin ditu, %35 Amerikan, %21 Europan, eta %4 Afrikan.

CIE: 178 milioiren irabazia

CIE Automotivek ere seihileko oso ona izan du. Autogintzarako osagaiak egiten dituen konpainiak 178,3 milioi euroren irabaziak izan ditu, iaz epe berean izan zituenak baino %11,2 handiagoak. Fakturazioari dagokionez, 2.011 milioikoa izan da, %8,1 handiagoa. Jesus Maria Herrera kontseilari delegatuaren iritziz, emaitzak «ezin hobeak» dira, eta aurten albiste on gehiago iritsiko direla aurreratu du. Bai eta akziodunei ordainduko dizkien dibidenduak hazi egingo direla ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.