Urte hasieran zituen aurreikuspenetatik urrun dabil Tubacex. Joan den astean iragarri zuen enpresak lantaldearen %20 kaleratzeko asmoa, eta gaur saiatu da datuen bidez erabakia arrazoitzen: 8,3 milioi euroren galerak izan ditu 2020. urteko lehen seihilekoan. Salmentak 282 milioi eurorenak izan dira, iaz baino %12,8 gutxiago.
Tutugileak azaldu duenez, merkatua %50 murriztu da azken urteetan. Haien arabera, soldadurarik gabeko tutu herdoilgaitzen sektorea, egiten duten produktuarena, krisian dago duela urte batzuetatik, eta hori bereziki nabarmendu da bigarren hiruhilekoan, COVID-19aren krisia dela eta: Tubacexek apiriletik ekainera 6,7 milioi euroren galerak izan ditu. Iaz, hiru hilabete horietan, 3,3 milioiren irabaziak izan zituen, eta, sei hilabeteak kontuan hartuta, bost milioi euroren irabaziak, nahiz eta ez zen urte ona izan, enpresaren arabera.
Dena den, tutugileak ez du datuen analisi erabat ezkorra egin, eta nabarmendu du «emaitza operatibo positiboak» mantendu dituela egungo egoeran ere. «Taldearen egitura finantzario sendoari esker» luze gabe eta luzera begira ere etorkizuna bermatua duela gehitu du Jesus Esmoris Tubacexeko kontseilari ordezkariak.
Kostuak murriztea
Hala ere, enpresak 2021. urterako kostuak 25 milioi euro murrizteko helburua jarri du, eta, beste neurri batzuen artean, langileak kaleratuz egingo du hori. Euskal Herrian, Amurrioko eta Laudioko fabriketan, 150 langile kaleratzeko asmoa du zuzendaritzak —zortziehun langile inguru dira guztira—, baina sindikatuek eta beharginek argi utzi dute beren lanpostuak defendatuko dituztela, eta ikusteko dago nolakoak izango diren negoziazioak.
Enpresak dio Araban dituen fabriketan urtean hamar milioi euro aurrezteko beharra duela 2021. urtetik aurrera, eta langileen ordezkariei esan zien, hain zuzen, kaleratzeak ez diren beste bide batzuk azter daitezkeela helburu hori lortzeko. Beharginen soldatak eta lan baldintzak murriztea izan daiteke bat, eta, dirudienez, konponbide horixe babesten du Eusko Jaurlaritzak ere, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburuak azken egunetan adierazi duenez.
ELA eta LAB sindikatuek, ordea, patronalaren alde jartzea egotzi diote sailburuari. Gehitu dute Tubacexek azken urteetan etekinak milioika metatu dituela, eta argi ikusten dela nahiko ona dela enpresaren egoera ekonomikoa, berregituraketa prozesurik gabe langileen etorkizuna bermatzeko modukoa. Sindikatuen iritziz, enpresako zuzendaritzak abagunea baliatu nahi du lan baldintzei erasateko, eta, horregatik, borrokara joko dutela iragarri zuten.