Tubacexek «hazkunde nabarmena» iragarri du 2025erako

ADNOC eta Petrobras petrolio konpainiekin egindako tratuei esker, mozkinak handitu egingo dira. Altzairuzko hodien egileak 22,9 milioi euroren irabazi garbiak izan zituen iaz, 2023an baino %58,5 txikiagoak.

Manuel Moreu eta Josu Imaz, Tubacexeko zuzendaria eta kontseilari delegatua. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Manuel Moreu eta Josu Imaz, Tubacexeko zuzendaria eta kontseilari delegatua. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
14789412 kepa
Bilbo
2025eko maiatzaren 22a
15:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Trantsizio urtearen ondorengo «hazkunderik nabarmenarena». Horixe espero dute 2025erako Tubacexeko arduradunek. Izan ere, lehenengo hiruhilekoan 1.500 milioi eurora iritsi da eskaera zorroa, eta balio erantsi handiko hodiak ekoizten ari da Arabako altzairugilea, «dagoeneko salduak». 

Baikortasun hori ez dator bat 2024ko emaitzekin. Hura «egonkortasun eta trantsizio» urtea izango zela argi zeukaten Tubacexen, eta halakoa izan zen. Konpainiak 22,9 milioi euro irabazi zituen, 2023an baino %58,5 gutxiago. Beherakada horretan zerikusi zuzena izan zuen Abu Dhabiko plantan (Arabiar Emirerri Batuak) egindako 60 milioi euroren inbertsioak, baina diru ekarpen horrek aurki mozkinak emango dituela jakinarazi dute. Nikelaren prezioa garestitu izanak eta laster entregatuko diren eskarietako salgaiak pilatu izanak ere eragin zuten mozkinak txikitzea.

Salmentak ere apaldu zitzaizkion Laudioko enpresari, baina ez hainbeste: 852 milioi eurotik 767,5 milioi eurora. 

Josu Imaz Tubacexeko kontseilari ordezkariak adierazi duenez, «datu horiek bat datoz 2027ra arteko plan estrategikoan aurrez ezarritako helburuekin», eta, espero dutenez, «2025ean datuak pixkanaka hobetuz joango dira».

Konpainiak akziodunen urteroko bileran eman ditu datu horiek, baita aurtengo jardunari buruzko ñabardura batzuk ere. 2025eko lehen hiruhilekoan, esaterako, eta 2024ko tarte berarekin alderatuta, salmentek %2,3 egin dute behera. Salmentak 182,3 milioi eurorenak izan dira, aurreko urteko lehen hiru hilabeteetan baino %2,3 txikiagoak, eta eskaera zorroa 1.500 milioi eurora iritsi da. Gauzak horrela, enpresak 25 milioi euroko dibidendua banatuko du akziodunen artean; iaz baino %72 handiagoa, alegia.

125,2

Ebitdak utzitako emaitza, milioi eurotan. Ebitda —interes, zerga, balio galera eta amortizazioen aurreko irabaziak— 125,2 milioi eurora (+%14,7) iritsi zen 2024an. 2027rako berrehun milioi eurora iristea aurreikusten dute.

Bigarren seihilekoan «emaitzetan azelerazioa izatea» aurreikusi dute, batik bat ADNOC eta Petrobras enpresekin sinatutako kontratuen fakturazioari eta entregei esker. Erritmo horretan, 2027rako, 1.200 milioi euro eta 1.400 milioi euro arteko salmentak espero ditu Tubacexek.

Tubacex
Tubacexeko langile bat hodiak gainbegiratzen, artxiboko irudi batean. TUBACEX

Hodi konpainiak argi du gas natural likidoa izango dela trantsizioko erregaia, eta 2050era arte gutxienez presentzia handia izango duela; horregatik egin du inbertsio handi bat Abu Dhabiko lantegian —%49 Mubadala Arabiar Emirerri Batuetako funts subiranoak egin du—.

Hodi herdoilgaitzak

Lortutako emaitzen gakoak «trantsizio energetikoan eta dibertsifikazioan» jarri ditu Imazek. Beste batzuk alboratu gabe, Tubacexen produktu izarra soldadurarik gabeko hodi herdoilgaitza da, bereziki petrolio eta gas azpiegituretan erabiltzeko.

Hain zuzen ere, Arabako enpresak joan den astelehenean kontratu bat izenpetu zuen ADNOC petrolio enpresarekin, eta, horren bidez, konpainia horri baimena eman dio Arabiar Emirerri Batuetan hodiak elkarri lotzeko Sentinel Prime pieza ekoizteko. Tubacexek iragarri du akordio horren bidez 50 milioi dolar irabaziko dituela.

«Kontratu hori Tubacexek ADNOCekin duen akordio estrategikoaren parte da», eta barne hartzen du Tubacexek Arabiar Emirerri Batuetan duen I+G zentro berria, Imazek adierazi duenez.

«Datu horiek bat datoz 2027ra arteko plan estrategikoan aurrez ezarritako helburuekin. 2025ean, datuak pixkanaka hobetuz joango dira»

JOSU IMAZTubacexeko kontseilari ordezkaria

Musabbeh Al Kaabi ADNOC Upstreameko zuzendari nagusiak astelehenean adierazi zuen akordio horrek «petrolio eta gas putzuak ustiatu ahal izateko beharrezko teknologia» ematen diola buru duen enpresari, eta «erresilientzia eta tokiko fabrikazioa indartu». Imazen arabera, berriz, akordioak ondo islatzen du Tubacexek «lankidetza globalarekin eta berrikuntzarekin duen konpromisoa eta energia sektoreko eragile nagusiekin duen lankidetza».

Baina, soldadurarik gabeko hari herdoilgaitza alboratu gabe, beste batzuk ere bultzatu nahi ditu: besteak beste, hidrogenoarekin loturiko azpiegituretarako hodiak, CO2-a biltzekoak, belaunaldi berriko zentral nuklearretan erabiltzekoak eta ekonomia zirkularreko azpiegituretarako tutuak. Tubacexek 25 lantegi ditu mundu osoan barreiatuta.

Ziurgabetasuna

Datorren ekainaren 22an lau urte beteko dira Tubacexek aplikatu asmo zuen erregulazio txostenaren auzia epaitu zutenetik. Amurrioko eta Laudioko lantegietan espediente bat ezartzen saiatu ziren, zeinak 129 langileri eragingo baitzien. Enpresako buruek esan zuten langileak kaleratu ezean kolokan egongo zela fabriken bideragarritasuna, eta horixe bera esan zuten haien abokatuek ere, auzia EAEko Justizia Auzitegi Nagusira iritsi zenean. Azkenean, zortzi hilabeteko greba baten ondoren, ez zituzten kaleratu langileak, eta abokatuek epaileen aurrean egin zituzten negozioaren inguruko iragarpen katastrofikoak ere ez ziren bete.

tubacex
Tubacexen Laudioko fabrikaren aurrealdea, greba luzea amaitu zen egunean, 2021eko urrian. RAUL BOGAJO / FOKU

Izan ere, hartaz geroztik, Tubacexek emaitza bikainak kateatu ditu. Egoerari buelta emateko, plan estrategiko bat egin zuen, eta hor zehaztutakoak betetzen ari direla azaldu du Imazek. Azkenengo urteetan, gainera, aldeko haizea izan du sektoreak, erregai fosilen prezioen igoera dela-eta hidrokarburo konpainiek handitu egin baitituzte petrolioa eta gasa ustiatzeko inbertsioak.

Konpainiak onartu du ziurgabetasun makroekonomiko eta komertzial globalak eragina izan duela, baita muga zergek eragindako ondorioek eta inbertsioen moteltzeak ere, nahiz eta «bere posizionamenduan eta dibertsifikazioan konfiantza» izan arrisku horiek arintzeko.

irango gobernuak iruzurra egin nahi diola salatu du tubacexek

Joan den abenduaren 31n, NIOC Irango petrolio enpresa publikoak 50 milioi euroko abala itzultzeko eskatu zion Tubacexi, bertan behera utzitako kontratu batengatik. Teherango gobernuak berriro eskatu dio dirua Arabako hodi konpainiari, baina ezezkoa eman diote. Josu Imaz Tubacexeko kontseilari delegatuak adierazi du «iruzurrezko exekuzio saiakera bat» dela, eta 2018an bertan behera geratu zela, herrialde horren aurkako nazioarteko zigor komertzialengatik. «Ez dago kasurik: garaiz gelditu dugu, eta ez dugu dirurik jarriko gai horretarako».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.