Enpresak

Tubacexek ia 20 milioi euro galdu ditu 2017an

490 milioi euroko salmentak egin ditu, aurreko urtean baino zertxobait gutxiago, baina Austriako adarrren funts baten likidazioak zamatu du azken emaitza.

Tubacexeko lantegia, Araban. JUANAN RUIZ / ARGAI PRESS
xabier martin
2018ko otsailaren 28a
16:33
Entzun

Laudioko tutugileak bere sektoreak mundu mailan bizi duen krisi sakona nozitzen ari da azken urteetan, eta 2017ko emaitzetan argi islatu da hori. Tibacexek 19,7 milioi euro galdu ditu, eta galera horretan zerikusi handia dauka Austriako bere adarraren funts batek egin duen likidazioa. 23,4 miliok euro eraman ditu funtsak, eta horrek galeretara eraman du talde osoa. EBITDA, dena den, ia 26 milioi eurokoa izan da, aurreko urtean baino %25 gutxiago. 490 milioiko salmentak egin ditu konpainiak, 2016aren pare kasik (-%0,7).

Jesus Esmoris kontseilari ordezkariak azaldu du 2017. urteak "berdinketa" utziko zuela Austriako adarraren likidazioa iritsi izan ez balitz, eta 2018. urtea "dezente ona" izango dela seguruenera. Horiek horrela, Tubacexek 253,5 milioi euroko zorra pilatu du, 2017an 46,6 milioi gehiago gehitu ondoren. Bere EBITDAren ia halako hamar da zor hori, baina Esmorisen arabera, halako hirun geldituko da 2018an, hainbat eskaera eman eta kobratuko dituelako konpainiak.

Azken hiru urteetan, "historiako krisi handiena" izaten ari da Tubacexek, petrolio merkearen harira. Gas eta petrolioaren industriaren inbertsioak seko gelditu dira mundu zabalean, eta Tubacexen tutu espezializatuek arazo larriak dituzte salmente mailari eusteko. Hala ere, Laudioko enpresak bere plan estrategikoarekin aurrera jarraitzen du, eta hala Arabako bi fabrikak nola Austriakoa eta Italiakoa premiun tutuak egiteko bideratu dituzte; balio erantsi handiko produktuak dira, aleazio bereziei esker. AEBetan ere produktu hori ekoizten hasi da Tubacex, eta Asiako lantegiak (India eta Tailandia) tutu merkeenak ekoitziko dituzte.

2014an 15 milioi euro irabazi zituen Tubacexek, 650 milioi euroko salmentak egin ondoren. Esmorisen arabera, 2018an salmenta maila hori lortuko du Laudioko multinazionala, eta bere sektoreko krisia atzean uzten hasiko da.

Sinergia gutxi

Bestalde, Tubos Reunidos eta Sidenor altzairutegiarekin batera elkarlanean aritzeko aukerari dagokionez, eszeptizismoa erakutsi du Tubacexeko buruak. "Sinergia gutxi" ikusten du hiruen artean, Guillermo Ulazia Tubos Reunidoseko presidenteak badagoela esan badu ere. Ulaziak proposatu du hiru enpresen artean produktu bat garatzea, eta ondoren bakoitzak azken forma edo ukituak egitea, produktu jakinak saltzeko. "Gustura aztertuko ditut sinergiak; Guillermorekin hitz egingo dut, baina hiruren artean, bakarrik guk egiten dugu altzairu herdoilgaitza nikel maila altuarekin; haiek ez dute hori fabrikatzen eta, beraz, sinergia gutxi ikusten dut nik". Esmoris argi baino argiago aritu da Tubos Reunidos arabarraren buruak egindako proposamenari buruz, bistan denez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.