Tubacexeko langile bati sei hilabeteko zigorra ezarri diote

ELA sindikatuak absoluzioa eskatu du beharginarentzat, eta ohartarazi du beste sei langile ere epaituko dituztela

2023ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
LAUDIO. Tubacexeko langile bati sei hilabeteko kartzela zigorra ezarri dio Gasteizko epaitegi batek, ELA sindikatuak iragarri duenez. 2021ean enpresako langileek egin zuten greba mugagabearen harira atxilotu zuten, eta ekainaren 15ean izan zuen epaiketa. Atxiloketari aurre egiteagatik zigortu dute; absolbitu egin dute, ordea, agintaritzaren aurkako delituagatik. Fiskaltzak hasieran 21 hilabeteko zigorra eskatu zuen harentzat, baina zigorra sei hilabetera murriztu diote epaileek.

Langileak ez du espetxera joan beharko. ELAk iritzi dio, edonola ere, behargina absolbitu egin behar dela, egiaztatuta gelditu delako ez zela egon agintaritzaren aurkako jokabiderik. Sindikatuak iragarri du epaiaren aurkako errekurtsoa aurkeztuko duela, ertzainek epaiketetan izandako kontraesanak eta haien jarrera oldarkorrak salatzeko.

Tubacexeko langile batzordearen arabera, atxiloketa egunean Ertzaintzak «jarrera bortitza» izan zuen zigortuarekin, eta betirako lesio bat eragin zioten besoan. Langileen aurkako prozesu judizialak eta langileen borroka kriminalizatzeko ahaleginak eten egin behar direla dio ELAk, eta udako mobilizazioetan parte hartzeko deia egin die herritarrei.

Irailean beste sei langile epaituko dituzte, sindikatuak gogorarazi duenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.