Tubacexeko 70 bat langile Gasteizera abiatu dira ostegun honetan, Amurrio eta Laudioko (Araba) lantegietako lanpostuen aldeko martxa batean. Greba mugagabearen 64. eguna dute gaur; ez da edonolako eguna, halere, zuzendaritzak gaur bertan gauzatuko baititu iragarritako kaleratzeak. Denera, 129 enplegu gutxiago izango ditu enpresak; horietatik 95 zuzenean joango dira kalera. Enpresak eskainitako ordaina onartu dute 22 langilek, eta beste hamabik erretiro aurreratua hartuko dute.
Amurrioko lantegiaren atarian hasi dute ibilaldia, goizeko lehen orduan, eta Murgian egingo dute lehen geldialdia, arratsaldean. Gaua Gopegin igaroko dute, eta bihar goizean iritsiko dira Gasteizera, Eusko Legebiltzarraren atarian protesta egiteko. Kontrolerako osoko bilkura egingo baita bertan, eta Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen sailburuak kaleratzeen inguruko EH Bilduren galdera bati erantzungo dio.
Ez da ezer aldatzen
Enpresa Batzordeak ohar bidez adierazi du gaur ez dela «ezer aldatzen». Eta azpimarratu dute ez dutela bereizketarik egingo langileen artean: «Guztiok jarraitzen dugu itsasontzi berean eta helburu berarekin: lanean jarraitzea, kaleratze traumatikorik gabe».
Zuzendaritzaren jarrera salatu dute, halaber; adierazi dutenez, enpresa langileei deika ari baita banan-banan lanera joan daitezen. «Zuzendaritzari gogorarazi nahi diogu greba hau enpresa batzordeak deitu duela, eta grebari buruz zerbait hitz egin behar izanez gero, gurekin jarri behar dutela harremanetan». Batzordeak lasaitasunerako deia egin die langileei, eta gogorarazi die zuzendaritzaren deia jasoz gero, grabatzeko.
«Grebarekin bukatzea enpresaren eskuetan dago», gogorarazi dio Batzoredeak zuzendaritzari. Eta esan dio horretarako mahai gainean dauden kaleratze proposamen guztiak erretiratu behar dituela.