Lan gatazkak

Tubacexeko langileek su eman diote pneumatiko barrikada bati

Atzo Ertzaintzak langile bat mehatxatu zuen atxilotu egingo zuela esanez, olerki bat irakurtzen ari zela "gaizkile" esateagatik.

xabier martin
2021eko apirilaren 14a
11:32
Entzun

Gaurkoa 63. eguna da Tubacexeko langileen greba mugagabean. Laudioko eta Amurrioko (Araba) fabriketan zuzendaritza egitekoa den kaleratze kolektiboaren aurkako beste protesta bat egin dute beharginek, goizean. 124 enplegu kenduko dituzte: 95 kaleratzerekin batera, hamabi erretiro aurreratu izango dira, eta beste 22k lanpostua utziko dute, pizgarriekin. Enpresak bihar bertan egingo ditu kaleratzeak.

Oraindik indarrean dagoen lan erreformaren itzalean egingo duten kaleratze kolektibo horren aurkako protestan, beharginek su eman diote pneumatikoen barrikada bati, Amurriko fabrikaren atarian, eta irudi ikusgarria sortu du horrek. Edonola ere, ez da istilurik egon Ertzaintzarekin. Lanean jarraitzen duten beharginak fabrikara eramaten ari ziren autobusei bidea oztopatu nahian egin dute barrikada grebalariek, 08.00etan. «Tubacexen ez da inor sobran», garrasi egin diete autobusei protestan ari zirenek.

Suzko barrikadak ez du aparteko kalterik eragin; suhiiltzaileek amatatu dute sua. Laudion, berriz, greba egiten ari ez diren langileen autobusak fabrikara heldu dira arazorik gabe, Ertzaintzaren babesarekin. Grebalariek irain eta garrasi egin diete, ordea. Edonola ere, gaur ez da istilurik egon Ertzaintzaren eta grebalarien artean, aurreko asteetan gertatu izan den moduan.

Ika-mika bat izan zen atzo, ordea, langileetako batek olerki bat irakurri eta ertzainei «gaizkile» esan zienean. Halako batean, ertzain batek mehatxu egin zion, eta ohartarazi berriro gaizkile esanez gero atxilotu egingo zuela. Langileak eskuak aurrean jarri eta eskumuturrak eskaini zizkion, gainerako lankideen oihu artean. Ertzainak atzera egin zuen azkenean.

Enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteak 150 langileri eragin zien hasieran. Egun, negoziazio epea martxoaren 10ean bukatu ondoren, 94 kaleratuko dituzte, eta gainontzekoek erretiro aurreratua hartuko dute, edota beren borondatez utziko dute Tubacex, pizgarriekin. Langile batzordearen eskaintza da kaleratzeak aldi baterako erregulazio bilakatzea. Alde horretatik, Jaurlaritzari mezu argia bidali diote hasieratik: «Gaur Tubacex da, baina bihar beste edozein enpresa izan daiteke. Hau arazo orokorra da, eta nazio osoari eragiten dio».

ELAk greba mugagabera deitu du Industrias Betikon

Bergarako (Gipuzkoa) Industrias Betiko enpresako langileek greba mugagabea egingo dute apirilaren 19tik aurrera. Langileen ordezkaritzak, ELA sindikatukoak, hilabeteak daramatza enpresa hitzarmen duin bat berritzeko negoziatzen, enpresako langileen beharrei erantzungo diona.

Industrias Betikok hamazazpi langile ditu gaur egun, eta gehienek greba mugagabea babestu dute batzar orokorrean. Enpresak errodamenduak egiten ditu. ELAk dio lan karga izan duela eta baduela, «eta, beraz, enpresak onura handiak ditu». Sindikatuak garbi utzi nahi izan du Betikok «ez duela ia nabaritu ere egin COVID-19ak eragindako krisia».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.