Ertzaintzaren «jarrera aldaketari» egotzi dizkiote Tubacexeko istiluak

Langile batzordeak azaldu du beren protestak baketsuak direla, eta Poliziak jokatu zuela ezberdin herenegun. Jaurlaritzari «benetako inplikazioa» eskatu diote, artekari lan hutsetik haratago

Tubacexen aldeko itsasgarri bat, Industria Sailak Bilbon duen egoitzako pareta batean. Atzean, kristalean islatuta, Tubacexeko langile batzuk. AIARALDEA.EUS.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2021eko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Tubacexeko langile batzordeak Ertzaintzaren «jarrera aldaketa» bati egotzi dizkio astearte goizean Amurrioko (Araba) lantegiaren aurrean izandako istiluak. Batzordeak dio langileei agindua emana diela kontzentrazioak modu baketsuan egiteko, eta orain arteko guztiak horrelakoak izan direla, «asteartekoa barne». Herenegun, baina, liskarrak egon ziren grebalariek lantegiaren aurren eginiko eserialdian, eta bi atxilotu egin zituzten eta hamahiru ertzain zauritu ziren. «Aurreko elkarretaratzeekin alderatuta, Ertzaintza izan zen jokaera aldatu zuena. Azkenean ezin izan genuen gure protesta egin».

Azalpen horiek atzo eguerdian eman zituen Eduardo Ibernia Tubacexeko langile batzordeko presidenteak. Jaurlaritzako Industria Saileko ordezkariekin bildu ondoren eman zituen. Aurretik, goizean, Arantxa Tapia Ekonomia Garapeneko sailburuak zehaztu zuen Jaurlaritza «ahalegin berezia» egiteko prest dagoela auziko aldeekin mahai berean esertzeko, baina «alde guztiek argi utzi behar dute gatazka eta indarkeria ez direla bidea enpresa akordio bat lortzeko». Haren iritziz, istiluek ez dute egoera konpontzen laguntzen, eta negoziazioaren bidea «urrundu baino ez dute egiten».

Iberniak, bere aldetik, langileen aurka eginiko salaketak ukatu zituen. «Gure elkarretaratzeak baketsuak dira beti. Are gehiago, hainbat egunetan umeak eta erretiroa hartutako langileak ere etorri dira. Herenegun langileak lurrean eserita zeuden. Harriak-eta izatea egotzi digute, eta hori ez da egia». Salaketa hori Esan Ertzaintzako sindikatuak egin zuen. Ohar publiko batean, harriak, botilak eta makilak edukitzea leporatu zien langileei, eta ertzainak «lurrean ostikatu eta kolpatuak» izan zirela gaitzetsi.

Langile batzordeko kideen bertsioa, baina, ezberdina da. Sare sozialetan herenegungo kargetan zauritutako langileen argazkiak zabaldu zituzten, borra kolpeen eta foam piloten eraginez. «Lankide asko zauritu zituzten, eta haiei buruz ez da hitz egiten», kritikatu zuen, «horrez gain, haiek dira afera honen arazo nagusia euren azalean nabaritzen ari direnak: Laudio eta Amurrioko plantetako 150 kaleratzeak». Era berean, argitu zuten Ertzaintzak hirugarren pertsona bat atxilotu zuela herenegun arratsaldean eginiko elkarretaratze batean.

Polizia asko Bilbon

Jaurlaritzaren ordezkarien eta langile batzordearen arteko bilera Bilbon izan zen, Industria Sailak hiriaren erdialdean duen egoitzan. Langile ugari gerturatu ziren batzordeko kideei babesa ematera, eta Segurtasun Sailak ertzain ugari bidali zituen eraikinera, baita hainbat furgoneta ere. Langileak danbor, txistu eta bozinak hartuta joan ziren, eta ke pote bat edo beste erabili zuten, baina ez zen istilurik egon.

Mikel Amundarain Jaurlaritzako Garapen Industrialeko buruak hartu zituen langile batzordeko kideak, eta haren aldetik «hitz onak» jaso zituzten, baina hitz horiek «ekintza» bihur daitezela nahi lukete. Izan ere, Jaurlaritzak bi aldeen arteko «artekari» izatea eskaini die, baina Iberniaren ustez, hori «irteera erraza da erakundeentzat», eta sakonago aritu beharko lukete konponbidean: «Eskaintza erosten diogu, baina batzordeko kide guztien artean eztabaidatu behar dugu lehenbizi. Guk ez dugu nahi Jaurlaritza kanpoko artekari bat izatea; guk nahi duguna da enpresak erregulazioaren erabakia berriz hausnar dezala».

Erregulazio espedienteak 150 langileri eragingo die hasieran. Egun, negoziazio epe betean daude; martxoaren 10ean bukatuko da, eta eginiko azken bileran zuzendaritzak «neurri ez hain traumatiko batzuk» eskaini zizkien, aurreraturiko erretiro eta eta kaleratze boluntarioekin, baina zenbat langileri eragingo dieten zehaztu gabe. Hala ere, batzordearen eskaintza kaleratzeak aldi baterako erregulazio bilakatzea da. Alde horretatik, Jaurlaritzari mezu argia bidali zion Iberniak: «Gaur Tubacex da, baina bihar beste edozein enpresa izan daiteke. Hau arazo orokorra da, eta nazio osoari eragiten dio».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.