Tubacexeko zuzendaritzak eta langileen ordezkariek akordio baten aurrekoa lortu dute Arabako hodigilearen lan gatazka amaitzeko.
Bilera Lakuan egin dute, Lan eta Enplegu Sailaren bulegoetan, azken asteetan hura artekari lanetan aritu baita pozoitutako gatazka hori konpondu nahian. Elkarrizketetan zuzenean hartu du parte Elena Perez Barredo Lan eta Gizarte Segurantza sailburuordeak, eta pozik agertu da emaitzarekin: «Orain arte adostutako baldintzak eta enplegua mantentzea bermatzen du, eta irtenbiderik onena bi aldeek adostutakoa da».
Akordioaren aurrekoaren arabera, Tubacexek ez du langilerik kaleratuko, baina behargin batzuek beren borondatez utziko dute enpresa, eta beste batzuek erretiro aurreratua hartuko dute. Enpresak indargabetu egin du 129 langile kaleratzeko saioa, eta agindu du ez duela kaleratzerik egingo gutxienez 2024 arte. Trukean, indarrean jarriko den 2022-2024rako lan hitzarmen berriak berekin ekarriko du hiru urtez soldatak ez igotzea —2021ean bai igoko dira, %3—, BGAE pentsio osagarriaren ekarpena soldataren %4 izatetik %1era jaistea eta lanaldia 40 ordu luzatzea. Neurri horiek behin-behinekoak dira, 2024 artekoak.
Perez Barredok ez du akordioan erabakitakoari buruz iritzia eman nahi izan, eta nabarmendu du bere lana izan dela bi aldeak gerturatzea.
Perez Barredok gogorarazi duenez, «Eusko Jaurlaritza ezin da negoziazio kolektiboan sartu, ezta alde bakoitzak defendatzen dituen jarreretan ere. Defendatzen dugu hori dela biderik onena langileak eta haien lan- eta soldata-eskubideak babesteko eta enpresa-proiektuen bideragarritasuna bermatzeko. Zuzentzen eta lan egiten dutenek bezala, inork ez du enpresa bakoitzaren errealitatea ezagutzen, haiek bezala inork ez du aurrera egiten».
ELA: «Grebaren indarra»
Tubacexeko enpresa batzordean ordezkari gehien dituen sindikatuak, ELAk, nabarmendu du hitzartutakoarekin langilerik ez dela kalera joango bere borondatearen aurka, eta enpresa utziko duten guztiak boluntarioak izango direla edo aldez aurretik erretiratutakoak. Emaitza grebaren ondorio dela ere esan du: «Proposamenak sindikatuon eskaerak jaso ditu Tubacexeko langileek otsailaren 11tik greba mugagabea egin dutelako. Horrek eman digun oihartzun eta indarra gakoa izan dira. Baita ELAk epaitegietan egindako ibilbideak ere}.
Hori bai, ziurtatu du enpresaren planteamenduetan badagoela kontraesan bat, aldi baterako enplegu erregulazioak eskatu arren, aldi berean lanaldia 40 ordu igoko delako.
Gaur 233. greba eguna bete dute Tubacexeko langileek, eta gutxi batzuk gehiago egingo dituzte, akordioaren aurrekoa dena sindikatu bakoitzeko afiliatuen batzarrean baiezkoa jaso eta behin-betiko akordioa sinatu arte.
LABen kritikak
Langile batzordean ordezkaritza duten lau sindikatuetatik bakar batek ez du akordioaren aurrekoa sinatu. LABek bihar jakinaraziko du sinatuko duen ala ez, sindikatuko afiliatuen batzarraren iritzia entzun ondoren.
Sindikatu abertzaleak ontzat jo du akordioak ez duela nahitaezko kaleratzerik aurreikusten. «Garaipen hori Tubacexen plantillaren eta Enpresa Batzordearen batasunaren eta Aiaraldeko eskualdearen eta gurekin batera egon den Euskal Herriko langileen arteko borrokaren eta konpromisoaren emaitza da. Zazpì hilabeteko borrokaren ostean, enpresak amore eman behar izan du eta kaleratzeak egiteari uko egin behar izan dio. Tubacexeko zuzendaritzak unearen araberako egoera bat erabili nahi izan du langileak kaleratzeko, eta, borrokari esker, langile horiek beren lanpostuetara itzuli ahal izan dira».
Baina LAB hitz gogorrak izan ditu Eusko Jaurlaritzarentzat. Batetik, langileak kaleratzeko erabakia haren babesa izan zuela ziurtatu du: «Gatazka honetan, langileek Euskal Herriko eskualde oso bat eta langileria izan dituzte bidelagun, eta Tubacexeko zuzendaritzarekin, berriz, Eusko Jaurlaritza egon da. Eusko Jaurlaritzak ez dagokion domina bat zintzilikatu nahi du, eta LABek ez du onartuko». Gainera, «lotsagarritzat» jo du azken bi asteetako negoziazioetan Lan Sailak bi aldeen arteko bileretan egindakoa: «Zuzendaritzarekin lerrokatuta egon da. Horren erakusgarri da, behin betikotzat jo zuen proposamen bat helarazi ondoren, zuzendaritzak proposamena aldatzea onartu zuela, nahitaezko kaleratze batzuk onartuz eta murrizketa berriak gehituz, urte honetako abenduaren 31 arte indarrean zegoen hitzarmena ez aplikatzeagatik.
CCOO, gustura
Irakurketa positiboagoa egin du, berriz, CCOOk, haren ustez, akordioaren aurrekoak bermatu egiten duelako ez soilik enpresaren bideragarritasuna, baina baita Aiaralde osoarena ere. «Eta neurri traumatikorik gabe».
CCOOk bere lana goraipatu du, uste baitu langileen borroka ez ezik bere atal sindikalak erakutsitako negoziatzeko jarrera ere oso baliagarria izan dela akordioa lortzeko. «Negoziazioa eta mobilizazioa dira CCOOren nortasun ikurrak, langile klasearentzat eskubideak lortu eta horiek babesteko formula zalantzaezina, beste estrategia batzuen aldean».