Tubos Reunidos «ongi» dagoela esan du Tapiak

xabier martin
2016ko otsailaren 19a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Enpresa handien erregulazio dosierrek su-etena eman dute bolada batean; aurrena Aernnovak hautsi zuen joera, eta gero TWRk, eta orain Tubos Reunidosek piztu du alarma berriro, aldi baterako erregulazioa egiteko «aukera handia» dagoela ohartarazita. Amurrioko enpresa (Araba) sufritzen ari da, petrolioarekin eta gasarekin jarduten duten bezeroen inbertsioak jaitsi egin direlako, eta zuzendaritzak dio ezin diela «galerei denbora askoan eutsi».

Tubos Reunidosek ez ditu kaleratzeak aipatu, ez du erregulaziorik erabaki oraindik, baina bere abisuak hautsak harrotu ditu hala sindikatuen artean nola erakunde publikoen artean. Arantza Tapia Jaurlaritzako Garapen Ekonomikoko sailburuak sutea amatatu nahi izan zuen atzo, enpresa «ongi» dagoela garbi utzita. «Lasaitasuna» eskatu zuen, «enpresa ongi kapitalizatua dagoelako eta inbertsioekin eta proiektuekin jarraitzen duelako». Oil and gas negozioa erdira jaitsi dela gogoratu zuen, «petrolio merkeak eraginda», eta Tubos Reunidos bat gehiago dela Euskal Herrian kaltetuak izan diren enpresen artean.

Sindikatuek, berriz, gogor kritikatu dituzte aldi baterako erregulazioa egiteko asmoen berri nola eman duen enpresak (komunikabideetan) eta asmoa bera ere, «lan baldintzetan murrizketak egiteko baliatzen ari direlako merkatuaren egoera». Marubeni japoniarrarekin batera, Tubos Reunidos 30 milioi euroko inbertsioan sartu dela gogoratu zuten (Jundizen, Gasteiz) enpresaren egoera ona dela nabarmentzeko.

Enpresak dio 8,5 milioi euroko galerak izan dituela 2015eko lehen bederatzi hilabeteetan, eta 2014ko aro berean 5,1 milioiko irabaziak izan zituela. ELA eta LAB sindikatuek gogoratu duteazaroan ere «malgutasuna, soldata jaitsiera eta lanaldiaren igoera» eskatu zuela zuzendaritzak merkatuaren garapenaren aitzakian, eta langile batzordeak ezetza eman ziola plan horri.

Tubos Reunidosek 1.800 langile dauzka, eta Euskal Herrian hiru lan zentro, Galindon (Bizkaia), Iruñean eta Amurrion bertan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.