ERREGULAZIO DOSIERRAK

Tubos Reunidosek aldi baterako erregulazioa proposatuko du Amurrioko lantegian

Petrolio merkeak nabarmen txikitu du hodien eskaria, eta 16,1 milioi euroko galerak ekarri dizkio Arabako konpainiari. Dosierrak lantoki nagusiko 900 langileei eragingo lieke. Galindoko plantan ere lanaldia erdira murrizteko espediente bat aurkeztua du.

Langile bat, hodien fabrikazioa zaintzen, Tubos Reunidosek Amurrion duen lantegian. BERRIA
Oihan Vitoria.
2016ko martxoaren 16a
07:51
Entzun

Enpresa handien erregulazio dosierrek su-etena eman dute bolada batean; aurrena Aernnovak hautsi zuen joera, eta gero TWRk. Orain, baina, Tubos Reunidosek piztu du alarma berriro, Amurrioko (Araba) lantegiko 900 beharginei aldi baterako erregulazioa proposatuko diela jakinarazita. Zuzendaritzak iragarria zuen fabrika nagusian ere "aukera handiak" zeudela lana erregulatzeko dosierra ezartzeko, eta azkenean iritsi da.

Petrolioarekin eta gasarekin jarduten duten bezeroen inbertsioak jaitsi egin dira, eta horren ondorioak larrutik ordaintzen ari dira Arabako konpainian. Enpresak ohartarazia du ezin diela "galerei denbora askoan eutsi", 2016 hobea espero badu ere, eta kaleratzeak aipatu ez dituen arren, lan orduak murrizteko asmoa du. Kontsulta epea hasi baino lehen, negoziazio mahaia osatzeko deia egin dio zuzendaritzak enpresa batzordeari: langileen ordezkariek astebete dute gehienez mahaia martxan jartzeko, enpresak hilaren 29an azalduko baitizkie espedientearen nondik norakoak. Oraingoz, xehetasun gehiagorik eman ez dietela kontatu diote UGT sindikatuko iturriek Europa Press berri agentziari.

Langileek ez dute ustekabean hartu iragarpena. Orain hilabete Tubos Reunidosek lanaldia erdira murrizteko espediente bat aurkeztu zuen Galindoko Productos Tubulares adarreko (Trapagaran, Bizkaia) 398 beharginentzat, eta berandu baino lehen heltzea espero zuten, lan karga faltari buelta eman ezinik daude eta. Espediente hori aurkeztu aurretik, enpresa "ongi kapitalizatua" eta inbertsioekin zein proiektuekin jarraitzekotan zela esan zuen Arantza Tapiak, Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasuneko sailburuak.

Inbertsioak, etenda

Petrolioaren prezioaren amiltzeak bete-betean eragin dio Tubos Reunidosi. Petrolio konpainiek inbertsio proiektuak geratu egin dituzte, eta Arabako enpresak ekoizten dituen soldadura gabeko hodien eskaera gutxitu dute. Jaitsiera hori, batik bat, Ipar Amerikan jasan du, petrolio merkearen biktima nagusia fracking bidezko zulaketak izan direlako.

Tubos Reunidosek 7,9 milioi euro baztertu ditu Ipar Amerikan saltzeko duen stockaren balio galera estaltzeko. Horrek eta salmenta txikiagoek 16,1 milioi euroren galera ekarri diote, 2014an 7 milioi euroko irabazi garbiak izan ostean. Oil and gas negozioa erdira jaitsi da petrolio merkeak eraginda, eta Tubos Reunidos bat gehiago da Euskal Herrian kaltetuak izan diren enpresen artean. Gaur-gaurkoz, 1.800 langile dauzka Euskal Herriko hiru zentro produktiboetan: Amurrion bertan, Galindon eta Iruñean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.