Industria

Tubos Reunidosek bi altzairutegiak elkartuko ditu

Ekoizpen sistema osoa eraldatuko du erreskate publikoaren diruarekin. Lan erregulaziorik ez du egingo, baina bai aurreraturiko erretiroak, eta, horren eraginez, Amurriora eramango du Trapagarango altzairutegiko eta Iruñeko plantaren jarduna.

Amurrioko Tubos Reunidos enpresako langile bat, tutuak neurtzen. BERRIA
Imanol Magro Eizmendi.
2021eko irailaren 2a
12:37
Entzun

Tubos Reunidosek ekoizpen sistema osoa aldatuko du. Euskal Herrian 1.400 langile dituen hodigintza enpresak birkokatze eta eraldaketa prozesu bat egingo du, lehiakor izateko. SEPI Espainiako funts publikoak 112 milioi euro eman dizkio, eta, erreskatearen ordez, abian jarri beharreko planaren berri eman du. Enpresak ez du lan erregulaziorik egiteko asmorik, baina aurreraturiko erretiroak eskainiko dizkie langilerik zaharrenei. Oraindik ez du zehaztu zenbat izango diren, sindikatuekin negoziazio epea hasia baita. Hori bai, jakina da bi lantegi itxiko dituela: Trapagarango altzairutegia (Bizkaia) eta Iruñeko ekoizpen planta. Bertako langile gehienak Amurrion (Araba) birkokatuko dituzte.

Tubos Reunidosek merkatu berrietara iritsi nahi du, eta hor ikusi du bideragarri izateko modua. Orain arte petrolioaren sektorean oinarritzen zen enpresa, eta orain hidrogenoa eta energia garbietara begira jarri nahi du. Francisco Irazusta enpresako presidenteak azaldu duenez, «testuinguru horretan» oinarritzen da diru laguntza publikoa. SEPIk plan estrategikoa gertutik zainduko du, hitzemandako aldaketak esan bezala garatzen direla zaintzeko.

Izan ere, Tubos Reunidos ez baita nolanahiko enpresa. 1.400 lanpostu zuzen eta zeharkako beste 7.000 sortzen ditu, eta egun bost planta ditu Euskal Herrian altzairutegi eta ekoizpen zentroak kontuan hartuta. Eraldaketa horretan ez da lan erregulaziorik egongo, irteera negoziatuak nahi dituzte, eta enpresatik diote murrizketa ez dela oso handia.

Nabarmenagoa da lantokien murrizketa. Tubos Reunidosek bi altzairutegi ditu egun, Trapagaranen eta Amurrion, eta bien jarduna bateratuko du Amurrion. Trapagarango altzairutegiko 70 langileak han birkokatuko dituzte. Antzeko prozesua gertatuko da Iruñeko hodi plantan, bertako 38 langileak ere Amurriora eramango baitituzte. Are gehiago, multzoaren barruko hiru enpresak, Tubos Reunidos Industrial (Amurrio), Productos Tubulares (Trapagaran) eta Acecsa (Iruñea), epe motzean batzea espero dute.

SEPIren diruaren erdia baino gehiago, 60 milioi euro inguru, plantak berritzeko inbertituko dute. Altzairutegi berria erpina eta eraginkorragoa izango da, eta gutxiago kutsatuko du, eta hark hornituko ditu plantak. Trapagaranen (Bizkaia) —350 langile— hodi handiak egingo dituzte, Amurrion, berriz, zazpi hazbete artekoak.

Erritmo onean lanean

Enpresak, era berean, egin asmo zuen aldi baterako erregulazioa alboratu du. Lanez lepo ez dabiltzala diote, baina bai erritmo onean. Iaz, 2019an baino %40 gutxiago fakturatu zuen (101 milioi euroko galerak izan zituen); aurten, berriz, ekoizpena %25 igo da. 2018-19 sasoiarekin alderatuta, egun %70-80ko erritmoan ari dira. Carlos Lopez de las Heras zuzendari orokorrak ekainean esan zuenez, «argia ikusten» hasiak dira, eta geldirik zeuden hainbat egitasmo abian jartzea espero du aurtengo azken bi hiruhilekoetan. Enpresak beste planta bat du AEBetan, eta urte amaieran berriz lanean hastea espero dute, urte osoan geldirik egon ondoren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.