Turismoa

Turismoa berpizten hasi da pixkanaka

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, guztira, bidaiarien 89.823 sarrera erregistratu ziren ekainean: haietako %15,6 atzerritarrak ziren. Joan den urteko datuetatik urrun dabiltza hotelak eta landetxeak, baina maiatzean baino hobea da egoera.

Hotel baten harrera, aurtengo ekainean. ENRIC FONTCUBERTA / EFE
Paulo Ostolaza.
2020ko uztailaren 22a
12:04
Entzun

Hotelak eta landetxeak hasiak dira erritmoa berriro hartzen. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, aurtengo maiatzean, hoteletako sarrerak 7.764 ziren, eta ekainean, berriz, 47.669; ostatu gauak 30.049 izan ziren maiatzean eta 89.823 izan dira ekainean. Beraz, pixkanaka, baina ateak zabaldu dituzte establezimendu gehienek: ekainean, 372 hotelek jardun dute lanean, eta 246 egon dira itxita. Eustatek argitaratu ditu hotelen eta landetxeen inguruko datuak.

Dena den, joan den urteko datuekin alderatuz gero, nabarmena da jardueraren beherakada. Lurraldeka, sarrerak joan den urtean baino %78,3 gutxiago izan dira Araban, %85,2 gutxiago Bizkaian, eta beherakada %84,5ekoa izan da Gipuzkoan.

Hotelei eta landetxeei eragin die gehien bisitarien kopuruak behera egin izanak. Eustaten arabera, Nafarroatik eta Espainiatik heldu dira 74.998 bisitari, eta gainontzeko herrialdeetatik 14.825; kopuru osoaren %15,6. Joan den urtean, hil berean, %48,1 izan ziren. Beraz, «gertuko turismoaren» kuota nabarmen handitu dela dirudi.

Askorik aldatu ez dena egonaldien iraupena izan da. Joan den urteko ekainean, batez beste, bisitariek 1,95 egun ematen zituzten hoteletan, eta aurten, 1,88 egun.

Landetxeak, antzeko

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dauden 428 landetxeetatik 285 egon ziren zabalik joan den hilean. Jarduera joan den urteko ekainaren heren bat izan da —16.035 sarreratik 5.063ra murriztu da kopurua—, baina aurtengo maiatzean erregistratutako 996 sarrerak hobetu dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.