Turismoa sasoi betean da berriro

Turismoak atzean utzi ditu sasoirik gogorrenak. Iaz, martxa hartzen hasia zen, eta, aurten, abian da jada. Euskal Herrian gauzak aldatzen hasi diren seinale: landetxeak beteta, hotelak jendetsu, eta kanpinetan kabitu ezinik. Nahikoa lan badute langileek; BERRIArekin hitz egiteko tarterik ere bai.

Artazako kanpina. Kanpinzaleak atseden bila joaten dira Lizarra aldeko kanpinera. IÑIGO URIZ / @FOKU.
Julen Otaegi Leonet.
2022ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Aspaldian ez dira hainbeste izan. Hirietan, barrualdeko zein kostaldeko herrietan, kanpinetan, turistak bueltan dira. Uda guztietako fenomenoa da; ordea, ohi baino gutxiago izan dira azkenaldian. Beren habitat naturalean nahi baino denbora gehiago igaro ostean, Euskal Herrira heldu dira, atseden bila.

Norberak eduki ditzala bere lehentasunak: itsasoa ala mendia den hobea, kanpina hotela baino erosoagoa den, hiriko iskanbilatik ihes egiteko txoko lasairen bat behar duena, edo alderantziz. Nahi dutena nahi dutela, askok Euskal Herrian topatzen dute bilatzen dutena. Aurtengo uda sasoian ez da gutxiago izan: tenperatura ez da izan, eskerrak, gorantz egin duen bakarra; estereotipoak estereotipo, galtzeta-zuri-eta-sandaliadunen kopuruak bera egin du. Sasoi batzuk eri igaro ditu turismoak; aurten, ordea, guztiz berreskuratu eta osatu da.

Goizegi da uztaileko eta abuztuko datu orokorrak jakiteko, baina uda hasierako datuak heldu dira: Hego Euskal Herrian izan diren udatiarrak duela hiru urteko kopuruetara itzuli dira, INEren arabera. Kanpinen kasua da deigarria: 2019an baino %10,6 kanpinzale gehiago egon dira ekainean —gaitz famadun batek eragindako ohitura aldaketa edo—. Hotelek eta landetxeek bidaiari kopurua 2019kora berdindu dute, orokorrean.

IRUÑEKO HOTELAK
Hasiera «ikaragarri ona»


Solasaldia telefonoz izan bada ere, badirudi han-hemenka dituela bezero batzuk Sara Martinezek, Iruñeko Hotelen Elkarteko eta El Toro hoteleko zuzendariak (Berriobeitia, Nafarroa). Elkarrizketari ekin aurretik, gertutik pasatu zaizkion batzuk agurtu ditu; solasaldi erdian, beste bat ere bai. «Ohiko bezeroak dira; kasu egin behar zaie», dio barre artean.

Udako martxa hitz bitan laburtu du: «Ondo, ezta?». Azken sasoietan txarrera ohituta, egoerari buelta eman dio Iruñerriko turismoak. Aste Santua %90eko okupazioarekin hasi zuten hiriburuko hotelek, eta Iruñerrikoek, %80rainokoarekin. Berdintsu jarraitu dute sasoia: 2019ko datuak gainditu dituzte maiatzetik uztailera bitartean, Martinezen arabera. Hala, ulergarria da zergatik dioen urtea «ikaragarri ona» izaten ari dela. Jendea berriro mugitzen hasia da, atzerritarrak gero eta gehiago dira, ezkontzak bueltan dira, enpresen bilerak ere egin dira...

Gorantz doanak ere beherantz egin behar izaten du batzuetan; abuztuan, erritmoa apurtxo bat moteldu dela dio. Iaz, %95-98ko okupazioa izan zuten Iruñerriko hoteletan. Aurten, ez dira halako zenbakietara heldu, baina trankil: abuztua «ederki» itxiko dute.

Ederki gogoratzen du zuzendariak sanferminetan bere hotelean geratu ziren batzuekin gertatutakoa ere, zur eta lur geratzeko modukoa: «Aste horretan datorrenak badaki zertara datorren. Bada, bi gauerako batzuk etorri, eta ez zekiten sanferminak zirenik. Nafarroak eskaintzen zuenagatik etorri zirela, zuen xarmagatik. Ez nukeen inoiz imajinatuko halako zerbait». Horiek ez, gainontzeko bezeroek sobran jakingo zutenzer zen Iruñean egun horietan. Jaiei esker, «bultzada» izan du turismoak, nola ez.

Logelen okupazioa ez da guztia; prezioak ere kontuan hartu behar dira. Iaz, dezente merkatu behar izan zituzten egonaldiak, eskaririk ez zegoelako. Aurten, behintzat, prezioak lehengoratu dituzte. «Prezioak, ez errentagarritasuna. Kostuetan izandako igoera eta bizkarrean ditugun bi urtetako galerak ere kontuan hartu behar dira», gogoratu du hoteleko zuzendariak. Tamalez, Iruñerrian sei hotelek ezin izan die aurre egin pandemiari, eta itzalkinak jaitsi behar izan dituzte.

Datorrenaz galdetuta, zaila egiten zaio imajinatzea. Ez du ez pesimistegia, ez optimistegia izan nahi: «Ea bueltan zerekin egiten dugun topo. Oxala kristalezko bola bat izango banu». Oraingoz, «kontent» dira hoteletan, hein batean «jendea oraina bizitzeko irrikaz» baitago. Iraila eta urria onak izaten dira, izan oporren azken txanpagatik, izan asteburuetako bidaiengatik, izan enpresen ekitaldiengatik. Urteroko dinamika jarraituko dutela uste du Martinezek.

Urtearen hondarra, ordea, beste kontu bat dela deritzo. Negukoak, noski, hilabeterik lasaienak izaten dira; «urteko beste hilabeteetan berreskuratu behar dugu galdutakoa», azaldu du Martinezek. «Unean uneko koiuntura ekonomikoak zuzenean eragiten digu; sentikorrak gara». Ekonomiari, enpresei, familiei zer gertatu, «atzetik» doaz hotelak.

A. BERRI LANDETXEA
Dena gertu izatea

Getarian (Gipuzkoa), herritik gorantz doan bidea hartu, eta kurbaz jositako bidean ibili ostean, Meaga auzora irits daiteke. Bertan da A. Berri landetxea. «Kanpotik etortzen den jendeak esaten dit: 'Errepide honetan ibili behar gara kotxez?'». Maria Jesus Arangurenek bere bezeroei harrera egitean entzuten dituen hitzak dira. «Inguru honetatik ez da kasik inor ibiltzen. Gero konturatzen dira di-da batean iristen direla hona». Landetxera oporrak pasatzera joaten direnak ezin dira kexu izan: Getariako herrigunetik igo bezain laster, mahasti ugari daude bide bazterretan. Behin baino gehiagotan bista ere ezkerrerantz joaten da bakarrik, itsasorantz. A. Berri, ordea, mendi artean geratzen da, jendetzatik urrun.

Horixe bera eskatzen eta eskertzen dute udatiarrek: lasaitasuna. Familian zein lagunartean, deskonektatzera doaz astebete inguru. «Zalaparta eta mugimendua nahi izatekotan, Zarautz bost minutura daukazu; Donostia ere bertan dago». Kanpotik etorri ohi dira landetxeko bezero gehienak; asko, Kataluniatik, Valentziatik, Madriletik, Murtziatik... Mordoak sei ordu inguruko bidaia egiten du Getariara iristeko, eta Euskal Herrian txokoz txoko mugitzea ez da eragozpena. «Harrituta geratzen dira. 'Bilbora arte zenbateko bidea dago?'. Ordubete besterik ez», erantzuten die askotan Arangurenek.

Izan ere, Euskal Herria «txikia eta polita da; hurrean dago dena». Elkarrizketaren egunean, landetxean ziren udatiar batzuk eguna pasatzen ari ziren: Hondarribian hasi, Donibane Lohizunetik igaro, eta Miarritzeraino heldu ziren. Jabeak ez die gutxitan azaldu behar izan turistei zeintzuk diren galdu ezin dituzten Euskal Herriko txokoak.

Erritmo inbidiagarriarekin ekin zioten A. Berrin denboraldiari: Aste Santua, ondorengo asteburuak, maiatzekoak eta ekaina. «Eta, orain, uztailean eta abuztuan, betikoa: beteta». Arazorik ez dute izan, landetxeko bi etxebizitzen erreserbak gainezka izateko. Uztail amaieran herbeheretar batzuk izan ziren bertan. Gabonen aurretik ate joka ziren; «kristoren interesa zuten». Errege egun ostean kasu egiteko esan, eta jarraian bidali zuten posta elektronikoa. «Etorri egin nahi zutela, etorri egin nahi zutela. Etortzeko esan beharko!», azaldu du landetxekoak.

Gertuagotik edo urrunagotik etorri, bada denak mugiarazten dituen pisuzko arrazoi bat, Arangurenen ustez: klima. «Hor beheko berotik ihesi» etortzen dira asko. «'Ea lo egiteko freskura apur bat baden', esaten didate. Uda honetako eguraldiarekin, ez dakit, ba!». Uztaileko bero sapa bete-betean landetxean izan ziren valentziar batzuei gertatutakoa gogoratu du Arangurenek. «Heldu ziren, eta batek: 'Jo, Maria Jesus, jertse potoloa ekarri dut, txaketa bat eta galtza luzeak'. Erantzun nion ea zer pentsatzen zuen, hemen goian ere berorik ez al zuen egiten edo!».

Uda amaituz joan heinean, kanpotik gero eta jende gutxiago joango da A. Berrira. Iraileko lehen bi asteak beteta dituzte, eta, hortik aurrera, lasaituz joango da kontua; jendea lanera itzuliko da, eta umeak, eskolara. «Gero zer gertatuko den? Gehienbatasteburuetan etortzen da jendea». Kanpotarrak baino, euskal herritarrak gehiago mugitzen dira behin udazkena heltzean, gertutasunagatik.

Urtea ondo hasi dute, eta ondo joan da orain arte, baina zalantzak ditu nola amaituko duten: «Udazken txarra izango omen dugu. Prezioen gorakada horrekin... Denean eragiten badu, hemen ere bai». Jendeak, ordea, badu udazken aldera mugitzeko ohitura. Pandemiaren eraginez, gutxitu egin da jendearen joan-etorria, baina «orain irteteko gogoa du, eta horretarako daude landetxeak: etor daitezen».

ARTAZAKO KANPINA
Naturaguneak, «altxorrak»

«Jendeak espazio irekiak baloratzen ditu orain; okupazio aldetik, pandemiak igoera nabarmena ekarri du kanpinontzat». Joseba Ossa Artaza-Urederra kanpineko jabekideak begi onez ikusten du azken urte gutxiotan turismoak izan duen aldaketa. Orain, naturaguneak inoiz baino gehiago estimatzen dira. Pandemiak eragindako joera ez da aldatu gaurdaino, Ossaren arabera: «Jarraitu egin du, eta aurten ondo hasi dugu urtea, inoizko okupaziorik handienarekin».

Aste Santutik hasiera bikaina izan badute ere, udako hilabeteetan ez dira iritsi iazko kopuruetara. «Bereziki autokarabanekin eta furgonetekin nabaritu dugu hori. Errezeloa dugu erregaien garestitzeengatik izan ote den. Bestela, bungalowak-eta beteta ditugu», erantsi du jabekideak.

Kanpinetik gertu badute «altxor» bat: Urederra ibaiaren iturburua. Naturguneak kanpinera erakartzen ditu «argazki bila datozen turistak». Kanpotik etortzen direnek egiten dute hori gehienbat: egun bat Artaza inguruan, bestea Gaztelugatxen, hurrena Hondarribian... «Paradisu bezala saltzen dute, Nafarroako Karibea», eta horrek arreta ematen die udatiarrei.

Alde horretatik, euskal herritarrek ingurua «gehiago baloratzen dute, eta denbora gehiago hartzen»: Urbasa, Andia, Loki, Lizarraldea... Egun batzuk behar izaten dira horiek bisitatzeko.

Horiexek dira kanpinera gehien joan ohi direnak; gero, katalanak eta madrildarrak. Herbehereetatik ere asko izaten dira uda aldean, baita Frantziatik eta Alemaniatik ere. Ossak kontatu duenez, herbeheretar ugari «auto garestietan» joaten dira, baina kanpinetan lo egiteko arazorik ez dute. Euskal herritarrak, katalanak eta espainiarrak, berriz, «aberats berrien modura» heltzen dira kanpinera; nahiago izaten dute gaua autokarabanetan edo bungalowetan pasatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.