1.467 pertsonak baino ez dute ostatu hartu Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hoteletan eta landetxeetan; iaz, berriz, 276.415 izan ziren: hau da, kopuruak %99,5 egin du behera.
Eustat Euskal Estatistika Erakundeak eman ditu datuok, ostegun honetan. Hego Euskal Herri osokoak INE Espainiako Estatistika Institutuak emango ditu, bihar.
Martxoaren 19an alarma egoera ezarri zenetik, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ostatuen %8,3 baino ez dira zabalik egon —hotelen %9 eta landetxeen %7,7—, funtsezko jardueretan aritu diren langileak hartzeko; erizainak, bereziki.
Horrek eragin du batez beste pertsona batek ostatu batean egindako gauak igo izana. Batez beste bost gau gehiago igaro ditu bezero bakoitzak ostatu berean. Iazko hil berean, bi; aurtengoan, zazpi. Bizkaian nabaritu da gehien: hirutik hamabira.
Estatistikan ez dira jaso COVID-19ak gaixotutakoak hartu dituzten hotelak. Turistentzat eta bestelakoentzat, maiatzaren 11tik aurrera ireki ahal izan dituzte ateak —eremu komunak itxita—, baina gehienek ez zabaltzea erabaki dute, probintzia batetik besterako mugimenduak debekatuta daudelako, eta hala izaten jarraituko duelako gutxienez ekainaren 22ra arte.
Galerak
Jaurlaritzak apiril amaieran kaleratutako txosten baten arabera, alarma egoeran ezarritako neurriak direla eta, 92 milioi euroko galerak izan dituzte ostatuek, eta horrek 2.200 lanpostutan izan du eragina. Konfinamenduko lehen asteetan, sektoreko langileen %60 inguru zeuden lan erregulazioan, %5 autonomoentzako ezohiko langabezia prestazioa jasotzen, eta %7 kaleratu zituzten. Hoteletako langileen %76 finkoak dira; landetxeetan, %80 autonomoak dira.