Turismo Legea

Turistei etxeak edo gelak alokatzen dizkietenek izena eman beharko dute

Turismo Legea onartu du Eusko Legebiltzarrak. Berritasun nagusia da turismora bideratzen diren apartamentu partikularrak arautuko dituela, lehen aldiz. EAJk eta EH Bilduk hitzartutako testuari batu zaio PSE-EE, “baiezko kritiko batekin”.

Zarauzko hondartza, uztailean. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS
Iker Aranburu.
2016ko uztailaren 28a
08:05
Entzun

Legegintzaldiko azken legea izan daitekeena onartu du gaur eguerdian Eusko Legebiltzarrak. Gehiengo oso zabalez onartu ere, EAJk eta EH Bilduk hitzartutako testuari batu baitzaio PSE-EE ere, “baiezko kritiko batekin”, Susana Corcuera legebiltzarkideak azaldu duenez. PP eta UPD abstenitu egin dira.

Ipar Euskal Herriko mailara iritsi gabe, Hego Euskal Herrian ere asko hazten ari den turismoaren sektorea arautu nahi du legeak. Javier Telleria EAJko ordezkariak azaldu duenez, dagoeneko Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako barne produktu gordinaren %5,9 dakar.

Legearen berritasun nagusia da turismora bideratzen diren apartamentu partikularrak arautuko dituela, lehen aldiz. Internet bidez, ugaritzen ari dira etxebizitza osoak edo gelak turistei alokatzen dizkieten herritarrak. Alokairu horietako gehienak beltzean egiten dira, hots, ogasunari aitortu gabe. Praktika hori amaitu nahi du legeak, hotelen eta beste ostatuen pozgarri, orain arte lehia bidegabea jasaten ari zirela uste baitzuten.

Legearen arabera, turistei alokatzen zaizkien etxeen edo gelen jabeek Eusko Jaurlaritzaren erregistro batean izena eman beharko dute, turismo eragile gisa. Izena emateak identifikazio zenbaki bat emango dio alokatzen den etxebizitzari; zenbaki hori derrigorrean erabili beharko da etxea Interneten edo agentzia baten bidez eskaintzen denean. Zenbaki horri esker, etxebizitza turistikoei jarraipen errazagoa egin ahal izango diete foru ogasunek. Administrazioari alokairuaren berri ematen ez dietenak legez kanpo ariko dira.

Lan baldintzak eta euskara

Legeak baditu zenbait berritasun gaur egungo turismo establezimenduei dagozkienak. EH Bilduren eskariz, langileen baldintzak kaskartzeagatik lan ikuskaritzaren isunak dituzten hotelei edo beste ostatuei izar bat kendu ahal izango zaie. Soldata txikiak eta sasoikako enplegu ugari dauden sektore horretan bere garrantzia izan dezakeen araua da hori. «Prekaritate handiari eta enpresen gehiegikeriei aurre egitea» da ekarpenaren funtsa, Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu duenez. «Ezin da maila handiko zerbitzu bat eskaini langileek ez badituzte baldintza duinak».

Euskararekin lotutakoa da EH Bilduk proposatu eta EAJk onartu duen beste ekarpen bat: bost izarreko hoteletan, bezeroak euskaraz hartzeko gaitasuna izan beharko dute langileek. Gaztelaniak ere bermatuta egon beharko duela jasoko du legeak, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hizkuntza ofizial ere badenez. Legea onartu ondoren garatu beharko diren arautegi zehatzetan jasoko dira baldintza horiek. Legeak erreferentzia orokor bat emango du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.