Euskal enpresak ez dira Europan patente gehien erregistratzen dutenak, baina esan daiteke txapeldunen ligan jokatzeko prest daudela. Ezin da ukatu Euskal Herria oraindik nahiko urrun dagoela industria patente gehien erregistratzen duten Europako eskualdeen zenbakietatik, baina gerturatzeko apustu argia egin du azken urteetan. Nahiz eta jakin berri den 2013an Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan I+G gastua azken urteetan lehen aldiz jaitsi dela, jakinekoa da azken hamarkadan atal horretan egindako ahalegin handia, eta horrek emaitzak eman ditu patenteen datuei begira, hein batean bederen: 2010ean —Eurostatek emandako azken datua— 51,4 patente erregistratu ziren milioi bat biztanleko Euskal Herrian; Baden-Wuerttembergen (Alemania), 286,6; eta EBn, 111 patente, batez beste.
Ongi kopiatzea ongi dago, baina asmatzea da benetan saritzen dena, are gehiago industria arloan. Sistema berriek, ekoizpenerako kontzeptu berriek, makina berriek patentearen saria dute. Produktu bat ona denean, bakarra delako, berezia delako, merezi du copyright batekin erregistratzea, nahiz eta patente hori patente asko bilakatu praktikan, produktua babestu nahi den herrialde bakoitzean erregistratu behar delako, eta horrek ahalegin ekonomiko bat ekarri.
Bada, Europako Batasunak, 30 urte iraun duten negoziazio astunen ondoren, urrats handiak egin berri ditu patente bakarraren sistema martxan jartzeko, eta jokoaren arauak aldatuko dira. I+G ataletan egindako inbertsio sendoari esker patente industrialak erregistratzen ohituak dauden euskal enpresek begi onez ikusten dute oro har EBk 2015erako gauzatuko duen sistema berriaren funtsa. Espainiako gobernuak ez, ordea. Madrilek kanpoan geratzea erabaki du, patente bateratuak ingelesa, frantsesa eta alemana besterik ez duelako onartzen. Hala, Europako 25 estatu egongo dira patente bakarraren barruan; Espainia eta Italia kanpoan geratuko dira, betiere hizkuntzarekin lotutako argumentuak direla medio.
Oztopo gehiegirik ez
Espero da egoera horrek ez gehiegi oztopatzea euskal enpresen jarduera patenteak erregistratzean. Izan ere, sistema berria baliatu ahal izango dute euren produktuak patente bakarrarekin 25 estatutan babestuak izateko. Espainian, berriz, beste patente bat atera beharko dute, gaztelaniaz idatzia, eta etorkizunean jabetzaren inguruko arazoak badaude, Espainian hango epaitegiek erabakiko dute, eta Europako gainontzeko herrialdeetan —proiektuko kide diren 25etan—, Patenteen Auzitegi Bateratuak, egoitza nagusia Parisen edukiko duen erakunde berriak; Londresen eta Munichen adarrak izango ditu auzitegi horrek.
«Gaur egun herrialdez herrialde joan behar da asmakizuna patentatzen, eta hori dirutza handia da, besteak beste itzulpen asko egin behar direlako. Horregatik, normalean, interesatzen diren herrialdeak aukeratzen dira produktua babesteko», azaldu dio egunkari honi Ismael Igartuak, Arrasateko Galbaian jabego industrialari buruzko agentziako zuzendariak.
Mondragon taldeko enpresa izaki, taldeko kooperatiben patenteak kudeatzen ditu Galbaianek, baina baita MC taldetik kanpoko beste euskal enpresa askorenak ere. «Praktikan estatuko patenteen sistema bat dugunez, gerta daiteke estatu batean auzi eske bat irabaztea eta beste batean ez. Sistema berriarekin hori saihestuko da, eta barruan dauden estatu guztietan balioko du Auzitegi Bateratuak erabakitzen duenak. Sinplifikazioak, gainera, asmakizunak patentatzea merkatuko die Euskal Herriko enpresei, itzulpenengatik-eta 25 tasa pagatu beharrean tasa bakarra pagatuko delako».
Espero da 2015eko bukaerarako patente bateratua martxan egotea Parisko Patenteen Auzitegi Bateratuarekin. Italiak eta Espainiak betoa jarri zioten proiektuari, hizkuntzen auzia argudiatuz, baina oso litekeena da EBko Justizia Auzitegiak helegiteak ez onartzea, Yves Bot EBko abokatu nagusiak hala egiteko eskatuko diolako berriki.
Zer dago, ordea, Madrilen erabakiaren atzean? Protekzionismo kutsu handia darion jarrera, lehenik eta behin. «Madrilek dio patente bateratuak errazegi jartzen dietela enpresei tasa bakarra pagatuz herrialde askotan patenteak edukitzea, eta horrek izugarri igoko lukeela Espainian indarrean dauden patenteen kopurua, Espainiako enpresa askoren kaltetan», azaldu du Igartuak.
Barne merkatua babesten
Gainera, Madrilek oso presente dauka patente bakarrarekin Espainiako enpresek gaztelaniaz ez beste hizkuntzetan defendatu beharko lituzketela patenteak Europako auzitegi batean, eta hori ere ez du mesede gisa ikusten. «Garai hauekin bat ez datorren jarrera da, nire ustez», dio Igartuak. «Euskal enpresentzat funtsezkoa da nazioartekotzea, eta aspaldi ohituta daude ingelesez saltzen, eta, beraz, patente bat beste hizkuntza batzuetan defendatzeak ez luke behar inolako arazorik. Gure enpresak Europan jokatzeko prest daude, baita patenteen atalean ere».
Espainiako Gobernua ez, itxura batean. Hori da funtsean arazoa, Madril bere barne merkatua babesten saiatzen ari dela, nazioarteko jokalekuari betoa jarrita. Halaber, ezin da ahaztu gaztelaniaren aldeko apustu sutsua ere badela, Madrilek ez duelako onartu nahi Espainian indarrean dagoen patenterik baldin eta hura ez badago gaztelaniaz adierazita. «Gaztelaniaren garrantzia aldare batean jarrita daukate azken finean, eta beste hizkuntzekin erakusten ez duten kezka adierazten dute gaztelaniarekin».
Ekonomia arloan zaila da Espainiaren jarrera hori ulertzea eta aldi berean Moncloak susperraldiaren ideia saltzeko esperantza gehienak esportazioetan jarri dituela ikustea. Berrikuntzaren atalean jarduten diren euskal enpresetan ingelesez eta beste hizkuntza batzuetan lan egiten ohitu dira; ezin du bestela izan lehiakor izango badira. «Nik neuk, nire lanean, Europako patente bat aztertu behar badut, nahiago dut ingelesez egitea gaztelaniazko itzulpenetik aztertzen hastea baino», dio Galbaian agentziako zuzendariak. Patente jarduera handia duten enpresak dira, esate baterako, CAF, Copreci, AMPO, Orkli, Eika, BATZ, ULMA taldea, Fagor Arrasate, Fagor Automation... «Txapeldunen ligan aritzen dira horiek, eta ez dute behar jarrera protekzionistarik».
Txapeldunen ligan patentatzen
Europako patente bateratuaren sistematik kanpo geratuko da Espainia, eta euskal enpresek ez dute begi onez ikusi Madrilek hartutako jarrera. Adituen artean bada susmo bat: gaztelaniaren defentsaren atzean, baliteke Moncloak protekzionismotik oso gertu dauden arrazoiak edukitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu