Kreditu edo zor txartelaz egindako erosketetan bankuarteko komisioak mugatzeko akordioa onartu du Europako Batzordeak. Mugak %0,3koak izango dira kreditu txartelen kasuan, eta %0,2koak zor txartelen kasuan. Hala iragarri dute Michel Barnier Europako Batzordeko Barne Merkatuko komisarioak eta Joaquin Almunia Lehiakoak. Bankuarteko komisioen mugatzea Europako Batzordeak garatutako banku zerbitzuen gardentasun planaren barruan hartutako neurria da.
Europako Batzordearen ustez, neurri baliagarria izango da bezeroentzat. Bankuen arteko tasa geroz eta txikiagoa izan, teorian geroz eta gutxiago ordaindu beharko duelako bezeroak txartelaz erositakoarengatik. Bankuarteko komisioak txartelaz erosi duen bezeroaren bankuak saltzailearen bankuari erosketagatik ordaintzen ez dion komisioa da. Horrela, saltzailearen bankuak diru gutxiago jasotzen du beste bankutik, eta galerarik ez izateko beherapen tasa bat aplikatzen dio saltzaileari. Azken horrek orduan bezeroak ordaindutakoa baina gutxiago jasotzen du. Hortaz, galerarik ez izateko, zenbait kasuetan txartelaz ordaintzeagatik kopuru gehigarri bat kobratzen dio bezeroari; beste batzuetan, berriz, zerbitzuaren kostu gehigarriak produktuaren salmenta prezio handiago batekin estaltzen ditu.
Bruselaren proposamenak kreditu eta zor txartelen enpresak minduko ditu gehien, aurrera egingo balu komisio txikiagoak jasoko lituzkete eta. Horien artean garrantzitsuenak dira Visa eta Mastercard. Azken horrek esan du Europako Batzordearen erabakiak ez dituela ondorio onuragarriak ekarriko kontsumitzaileengan. Mastercardek dioenez, Barnierrek eta Almuniak iragarritako neurriak bankuen arteko komisioari baino ez dio eragiten, eta bezero eta saltzaileengan izango duen eragina bankuen interesen menpe geratuko da.
Txartelen enpresen iritziaren aurka, bezeroek ere komisioen jaitsierari etekina aterako diotela esan du Almuniak, merkatuaren inertziak prezioen jaitsiera ekarriko duelako. Hori hala dela egiaztatzeko komisioen jaitsiera indarrean jarri eta gehienez lau urtera emaitzak neurtuko ditu Europako Batzordeak.
Bruselarena proposamena da, eta azken hitza Europako Parlamentuak eta Europako Kontseiluak dute. Prozesua hurrengo urteko apirilerako onartzea espero duela esan du Barnierrek.