Amatasun laguntzak

Txibitek "konponbidea" emango die amatasun sarien PFEZ atxikipenei

Iristear dauden epaien arabera, bide ezberdina jorratuko du Nafarroako Gobernuak. Urtea amaitu baino lehen hartuko du erabakia.

Amatasun baimenen zerga atxikipenak itzultzeko manifestazioa egin zen 2018ko urrian, Iruñean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Paulo Ostolaza.
2019ko irailaren 5a
08:33
Entzun

Badirudi Nafarroan ez duela atzera-bueltarik amatasun eta aitatasun sariei dagokien PFEZ errenta zergaren atxikipenak itzultzeko erabakiak. Hauteskunde kanpainan neurri hori hartzeko hitza eman zuen Maria Txibitek, eta, orain, Nafarroako Lehendakariak esan du egoerari "konponbide bat" aurkituko diotela.

Gaur goizean bildu dira Nafarroako Gobernuko ordezkariak amatasun eta aitatasun laguntzen gaineko kargak eragindako guraso taldearekin. Bilera horretan, Txibitek eta haren taldeak adierazi dute hartu beharreko neurriak epaitegien erabakiek baldintzatuko dituztela. Laster argituko dira egoera salatu dutenen epaien emaitzak —irailaren amaieran egingo dira horietako sei—, eta, argitaratu duten komunikatuan adierazi dutenez, "epaiak amen eta aiten kolektiboaren aldekoak badira, irizpide horren arabera ezarriko dugu konponbidea". Epaiak pertsona bakarraren alde egiten badu ere, neurriak kolektibo osoari hedatzeko hitzeman du Nafarroako Gobernuak gaurko bileran.

Epaiak ez baditu amen eta aiten eskariak onartzen, berriz, dagoeneko lantzen ari diren lege bat abian jarriko duela argitu du gobernuak. Urtea amaitu baino lehen izango da hori. Laburbilduz, Txibitek esan du gurasoei PFEZ atxikipena itzuliko diela modu batera edo bestera.

Hala ulertu du Carmen Azpillagak ere, guraso taldeko bozeramaileak. Gustura atera dira Gobernuarekin izan duten hitzordutik. Azpillagaren arabera, bilera "oso ondo" joan da, eta Gobernuko kideek "behin eta berriz eman diguten hitza betetzeko asmoa" erakutsi diete. "Epaitegien erabakiaren arabera, erraza edo zaila izango da konponbidea aurkitzea, baina urtea amaitu baino lehen iritsiko da", azaldu du.

Itzulketak 26.000 familiari eragingo diela zenbatetsi da, eta 40-45 milioi euroko kostua izango du.

Gizartearen presioa

Espainiako Auzitegi Gorenak 2018an argitaratutako epai batek esan zuenez, ezin zaio zergarik ezarri amatasunarengatik Espainiako Gizarte Segurantzak ordaintzen duen laguntzari. Erabakiak, ordea, ez zuen legezko eraginik Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako ogasunetan. Gizarteak egin zien presioak bai, ordea. Hala, EAEko hiru Foru Aldundiek osatutako Zergak Koordinatzeko Organoak hartu zuen erabakia: seme edo alaba jaioberria zaintzeagatik Gizarte Segurantzak gurasoei ematen dizkien sariek errenta zergarik ez ordaintzea. Gainera, atzerako eragina izan zuen neurriak, eta azken lau urteetan kontzeptu horretan ordaindutakoa itzuli zuten foru ogasunek.

Ezberdina izan da egoeraren bilakaera Nafarroan. 2012tik dago indarrean amatasun laguntzei atxikitako errenta zerga. UPNk, PPk eta PSNk onartu zuten legea, eta alderdi horiek izan ziren Uxue Barkosen gobernuari atxikipenak itzultzeko presio egin ziotenak ere, guraso taldearekin batera. Talde horrek bildu zituen 26.000 sinadura, baita manifestazio bat egin ere, iazko urrian. Ia urtebete geroago, badirudi lortuko dutela helburua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.