Ma Jiantang Txinako estatistika bulegoko buruak atzo jakinarazi zuenez, 2009ean %8,7 handitu zen Txinako BPG. Azken urteotako hazkunderik apalena da, baina txiki uzten du gaur eguneko errealitatea. Izan ere, ekonomia berriro hazkunde erritmo handia hartu du, 2008ko azken hiruhilekoan (%6,8) eta aurtengo lehenean (%6,1) dezente moteldu ostean. Azken hori hazkunde tasa txikiena zen 1992az geroztik. «Txinak gainditu egin du mende berriko garairik zailena eta norabide onean doa», nabarmendu du Mak.
Orotara, 4,91 bilioi dolarrekoa da Txinako BPG, gutxi gorabehera 3,5 bilioi euro. Hain zuzen ere, hori izan zen 2008an Japoniakoa, Nazioarteko Diru Funtsaren arabera. Baina Japoniako ekonomiak iaz atzera egin zuenez -otsailean jakingo da ofizialki zenbat-, Txina da, de facto, munduko ekonomia handienetan bigarrena. 2007az geroztik Italia, Erresuma Batua, Frantzia eta Alemania gainditu ondoren, AEBak soilik ditu aurretik, 14,44 bilioi dolarreko barne produktu gordinarekin. Euskal Herriak gutxi gorabehera 110.000 milioi dolarreko ekonomia du, Txinak baino 45 aldiz txikiagoa. Edonola ere, bai Euskal Herria eta beste herrialde horiek guztiak Txina baino askoz aberatsagoak dira. Herrialde hartan 150 milioi lagun egunean dolar bat baino gutxiagorekin bizi dira.
Hazkunde eredua aldatu
Estatistika bulegoko buruak ere onartu du Txinan artean «pobrezia handia» dagoela, eta horregatik nabarmendu du helburua ez dela munduko ekonomia handiena izatea, hazkunde tasa handiekin jarraitzea baizik. Horretarako, Mak ezinbesteko jo du «hazkundearen egitura aldatzea». Hau da, ez dadila erabat esportazioetan eta inbertsio publikoetan oinarritu, txinatarren kontsumoan baizik.
Izan ere, nazioarteko merkataritzaren amiltzea izan da Txina aurten hazkunde erritmoa apaldu izanaren arrazoi nagusia. Esportazioak %14 jaitsi dira, 1,56 bilioi eurora arte. Hala ere,lehen aldiz Txina herrialderik esportatzaileena bilakatzea lortu du, Alemaniaren aurretik. Inportazioak 850.000 milioi eurokoak izan dira, %11 txikiagoak.
Ekonomiaren beste bi euskarri nagusiek -inbertsioa eta herritarren gastua - hazkunde tasa handia izan dute, batez ere Pekingo agintariek gastua handitzea erabaki zutelako, hazkundearenmoteltzea lehen arazo sozialak eragiten ari zelako. Esportazioen apaltzeak eta gehiegizko ekoizpenak milioika langile utzi zituen lanik gabe urte hasieran, eta hainbat kale protesta izan ziren.
Inbertsioa %30 handitu zen, batez ere Gobernuak azpiegitura erraldoiak bizkortzea erabaki zuelako. Familien gastua ugaltzeko politikak ere hartu zituen -zergak jaitsi dizkie autoak edo etxetresnak erosi dituztenei- , eta bankuak behartu zituen maileguak handitzera. Ondorioa izan da txikikazko salmentak %15,5 hazi direla.
Inflazioa berriro agertu da
Baina hazkunde tasa handi horiek guztiak ez dira iraunkorrak. Inflazioa, bat-batean, nabarmen igo da: azaroan %2,1eko inflazio negatiboa zegoen, eta abenduan, berriz, %1,9 positiboa zen. Gainera, elikagaiak garestitu dira gehien. Zenbait hiritan, azken asteotan bikoiztu egin dira elikagaien prezioak. Egia da, hein batean aurtengo negu gorriak eskasia eragin duela, baina Txinako Gobernuak uste du badela garaia hazkundea moteltzeko.
Interes tasen igoera espero da hurrengo hilabeteotan, baina horren aurretik gastua kontrolatzeko beste neurri batzuk hartuko ditu. Esaterako, banku batzuei zuzenean eskatu die maileguak mugatzeko -%32 handitu dira 2009an-, eta Txinako banku zentralak erreserbak handitzeko agindu die finantza erakundeei.