Apirilaren 5ean jarri zuen lehen salaketa Txinak AEBen aurka, Washingtonek bere 1.333 produkturen inportazioei iragarritako %25eko muga-zergaren aurkakoa. Gaurkoa, berriz, altzairuaren %25ko arantzelari eta aluminioaren %10ekoari dagokio.
Munduko Merkataritza Erakundearen arauen arabera, 60 egun izango dituzte desadostasunak elkarrizketaren bidez konpontzeko, Halakorik ez balego, Txinak eskatu ahal izango du gatazka sortzeko panel edo batzorde bat osatzea. AEBek badute organu horren sorrera blokeatzeko aukera.
Pekinek argudiatu duenez, AEBek ez dute azalpen "arrazoizkorik" eman altzairuaren eta aluminioaren inportazioak zigortzeko. Soilik esan dute produktu horien inportazioa asko handitu dela, eta horrek AEBetako ekoizleei kalte egiten diela. Halaber kexu da Txina AEBek zenbait herrialde eta bloke komertzial salbuetsi dituela muga-zerga horietaz, hala nola, Europako Batasuna, Kanada, Mexiko, Hego Korea eta Brasil. Kanadaren eta Mexikoren auzia NAFTA merkataritza itunaren bernegoziazioan konpondu nahi du Donald Trumpek. Beste herrialdeena konpontzeko, berriz, apirilaren amaieran bukatuko den epe bat eman du AEBetako presidenteak. EBk erantzun dio ez dagoela denborarik desadostasunak konpontzeko.
Xiren promesak
AEBen eta Txinaren arteko gerra komertziala oraingoz maila teorikoan dago, elkarri agindu dizkieten muga-zergarik ez baita indarrean jarri. Merkataritzan adituak diren batzuek espero dute ez dela maila praktikora igaroko, eta elkarrizketen bidez konponduko dituztela desadostasunak. Baina elkarrizketa horiek egin ahal izateko baldintza bat jarri du Pekinek: AEBek bere aurkako ikerketak geratzea.
Trumpen administrazioak, berriz, Txinarekin merkataritzari buruz hitz egitea alferrikakoa dela aldarrikatu du, Txinak bere ekonomiaren atal asko itxita dituelako, baina, aldi berean, jarraitzen duelako AEBetako konpainien jabetza intelektuala "lapurtzen". Salaketa hori ukatu du Pekinek, baina egia da baldintza batzuk jartzen dizkiela bere lurraldean inbertitzen dituzten enpresei -joit venture edo enpresa partekatuak osatzea Txinako konpainiekin, esaterako- eta horren eskutik teknologia asko lortu dutela Txinako enpresek.
Atzerriko inbertsioak erraztuko dituztela agindu du gaur Xi Jinping Txinako presidenteak, Hainan uhartean eskainitako hitzaldian. Zehazki, autogintzan, ontzigintzan eta aeronautikan inbertitu nahi duten atzerriko enpresek muga gutxiago izango dituztela esan du, eta kanpoko produktu batzuren gaineko muga-zergak txikituko dituztela. Ez du, ordea, neurri horiek noiz hartuko diren zehaztu. Duela urtebete, Davoseko foroan, antzeko promesak egin zituen Xik.