Trump tartean dela, ez da erraza jakitea zenbateraino beteko den akordio bat, edota bezperan egindako akordio batek zutik iraungo duen biharamunean, baina Txinak iragarri du itun bat duela AEBekin, eta, haren arabera, potentzia biek 2018ko martxoaz geroztik elkarri jarri dizkieten muga zergak bertan behera geratuko lirateke, "zatika" bada ere, Gao Feng Merkataritza ministroak zehaztu duenez.
Pekinek aditzera eman du itun zabal bat egin dutela herrialde biek, eta haren lehen urratsa dela indarrean dituzten tarifa bereziak bertan behera uztea. Gao Fengek azaldu du talde negoziatzaileak "ados" jarri direla azken asteetan, "elkarrizketa zabal, serio eta eraikitzaileen bidez".
Merkataritza ministroaren esplikazioek, ordea, pentsarazten dute oraindik urruti dagoela gerra komertzialaren amaiera. "Alde biek adostu dute muga zergak baztertzea aurrerabideak egiten diren heinean. Txina eta AEB ados jartzen badira lehen fasean, alde biek tarifa bereziak erretiratu beharko lituzkete, aldi berean eta neurri berean".
Ministroak erabilitako baldintzazko esaldiak apaldu egiten du iragarritako akordioaren garrantzia. Negoziatzaileek "espero dute" gatazka gainditzea, "elkarrenganako errespetuan eta berdintasunean", erantsi du Gaok.
Donald Trumpen isiltasuna
Pekinek urriaren 26an esan zuen estreinakoz potentzia bien elkarrizketak ongi zihoazela, eta aurrerapenak zeudela itun komertzial bat erdiesteko; are, balizko akordio horren atal teknikoak ere eginda zeudela ziurtatu zuen. AEBetako presidente Donald Trumpek, ordea, itun baten "lehen fasea" baizik ez zuen aipatu, eta azaldu zuen paktua hiru alditan egin zitekeela, baina Txinari ezarri behar zizkion azken muga zerga sorta bertan behera utzi zuen azkenean. Orain, berriz, ez du ezer txiokatu, eta kontuan hartu behar da haren kontua bihurtu dela aldizkari ofizial.
Izan ere, Txinak konpromisoa hartu zuen AEBetako nekazaritza produktuak erosteko 40.000 eta 50.000 milioi dolarrerainoko balioaz. Pekinek orain arte AEBei erositakoa halako bi baino gehiago da, Trumpek esan zuenez; halako hiru ere izan daitekeela gaineratu zuen.
Pekinek eta Washinghtonek uko egin diote orain arte balizko akordioaren inguruko ezer publikatzeari, baina Etxe Zuriak esan du Txinako dibisa debaluatzeko neurriak jasotzen dituela itunak, eta jabetza intelektualari buruzkoak ere bai. Gai horiek bigarren fasean adostu beharrekoak direla ere erantsi zuen. Bestalde, Huawei konpainia teknologikoari ezarritako betoaren auzia beste negoziazio batean jorratzen ari dira bi aldeak, itun nagusitik at.