Txinan etxetresnen negozioa hirukoiztu nahi du Fagorrek

Hiru urtean 25 milioi euroko inbertsioa egingo du, beste lantoki bat jartzeko eta marka indartzeko asmoz

Ivan Santamaria.
Arrasate
2010eko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Txinan duen negozioa zabaltzea izango da Fagor Etxetresnak enpresaren lehentasuna datozen hiru urteetarako. Horretarako, laugarren lantegi bat martxan jarri nahi du, Txinako bazkide batekin elkarlanean, eta, marka indartzeko, 25 milioi euroko inbertsioa egingo du. 2013. urterako Fagorren etxetresna salmenta 45 milioi eurotik 150 milioira igotzea da helburua.

Europako merkatuetan hazkundea motela da edo etenik dago, eta produktuentzat beste aterabide batzuk bilatu nahi ditu Fagorrek. Honezkero, hiru lantegi ditu Txinan - presio eltzeak, berogailuak eta galdarak ekoizten ditu -, eta beste bat eraikiko du. Horretan egosketa arloko gailuak egin nahi ditu. Mondragon Corporationek Kunshanen duen industrialdetik hurbil kokatuko dute lantokia. Bazkidea bilatzeko harremanak aurreratuta daude, baina oraindik ez dute hitzarmenik sinatu.

Kontsumoa, motel

Krisiaren enbata gogorra izaten ari da Fagor Etxetresnak enpresarentzat. Joan den urtean, 19 milioi euroko galerak izan zituen, esaterako. Aurten, irabaziekin amaitzea aurreikusi zuten, baina azken hilabeteak erabakigarriak izango dira etekinak edo galerak dauden finkatzeko. «Azaro eta abenduaren arabera, ez dugu baztertzen aurreikusitakoa bete ahal izatea», Txema Gisasola Fagor taldeko zuzendariaren hitzetan.

Negozioan ezberdintasunak daude herrialdearen arabera. Espainian, esaterako, urteko lehen bost hilabeteak «oso onak» izan ziren, Gisasolaren ustez. Haatik, kontsumoak behera egin du ekainaren ondoren. «Irailean salmentak %15 erori ziren, eta urrian, %17. Azaroan ere jaitsiko direla badakigu». Fagorren salmenten %35 Espainian eta Hego Euskal Herrian dago.

Beste bi merkatu handienak Frantzia eta Polonia dira. Frantzian salmentei eutsi zaie, baina urrian %8 jaitsi ziren. Polonian, ordea, urteak aurrera egin ahala egoera hobetu da. Gisasolaren ustez, egoera ekonomiko orokor iluna - Grezia eta Irlandako erreskateak, esaterako - kontsumoa trabatzen ari dira. Hazkunde apaleko garaia «uste baino gehiago» luzatuko denez, gastua gutxitzeko neurriak hartuko ditu Fagorrek. Neurri horiek ez dute soldatekin edo giza baliabideekin zerikusirik izango.

Azalpenak Fagor Hometek zentroaren inaugurazioan egin zituen Gisasolak. Etxetresna ataleko ikerketa, garapen eta berrikuntzarako nazioarteko zentroa da Hometek. Proiektu propioak bultzatzeaz gain, Frantziako eta Poloniako zentroen lana koordinatuko da Arrasaten.



Indukzio plaka osoa, gaixoentzako arreta eta garbiketa eraginkorra, laborategian

Ideiak eta produktuak berritzeko laborategi handia da Fagor Hometek. Hortik atera behar dute etxetresna alorreko berritasun nagusiek, eta merkaturatzeko gertu nahiz proiektuan dauden batzuk aurkeztu zituen atzo talde kooperatiboak. Abenduan indukzio bidezko plaka osoa salgai jarriko du, esaterako. Eltzeak nahi den tokian jarrita berotzea ahalbidetuko duen munduko lehen plaka izango da. Arropa garbiketan, berriz, Seila ikerketa proiektuaren buru da Fagor. Garbiketa eraginkorragoa lortzea da helburua. Domotikaren alorrean, bihotzeko gaixoentzako urrutiko arreta eta jarraipena egiteko sistema jarriko du abian.

Guztira, 360 langile eta ikertzaile ditu Hometek-ek. Iaz, berrikuntzarako 69 milioi euro eman zituen. EBren arabera, Euskal Herriko inbertsiorik handienetan bigarrena izan zen, Iberdrolaren ondoren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.