Giorgos Papandreu Greziako lehen ministroak atzera egiten ez badu, Europa izango da atzera egingo duena. Greziarrek esaten dutena esaten dutela, Europako Batasuneko eta Nazioarteko Diru Funtseko agintariak ez daude prest bigarren erreskatearen baldintzak berriz negoziatzeko. Areago, Atenasek orain arte agindutako neurri guztiak indarrean jarriko dituela ziurtatzen ez badu, ez daude prest hari laguntzen jarraitzeko. Horregatik, momentuan behintzat, lehendabiziko erreskatearen seigarren zatiari dagozkion 8.000 milioi eurorik gabe geratuko da.
Euroguneko Finantza ministroek duela bi aste eskas —urriaren 21ean— onartu zuten Atenasi diru hori ematea. Ondo kostata onartu ere. Laguntza irailean ematea aurreikusten zuten, baina erabakia behin eta berriz atzeratu behar izan zuten, Grezia ez zelako ari hartutako konpromisoak egoki betetzen. Zalantza egoera hartan, Evangelos Venizelos Greziako Finantza ministroak behin baino gehiagotan aitortu zuen diru hori garaiz jasotzea zela herrialdeak aurrera egiteko zuen aukera bakarra, azaroaren erdi aldera arte irauteko adina diru besterik ez zuelako. Eta orduan Venizelosek dirua eskatzeko erabilitako argudio bera erabili zuten Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak eta Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak atzo Papandreuri presioa egiteko.
Frantziako eta Alemaniako gobernuburuek, Christine Lagarde Nazioarteko Diru Funtseko zuzendariak eta Europako Batasuneko erakundeetako ordezkariek G20koentzat Cannesen (Frantzia) atondutako eszenatokia baliatu zuten Papandreurekin elkartzeko. Helburua: bigarren erreskatearen baldintzen inguruan herri galdeketarik ez egiteko konbentzitzea.
Bilera hasi aurretik egindako agerraldi motzean, Sarkozyk bidekotzat jo zuen herriari hitza ematea, baina garbi utzi zuen joan den astean egindako akordioa dela zorraren arazoa gainditzeko modu bakarra, eta orduan hitzartutakoa betetzen saiatuko direla. Hartzekodun pribatuek —bankuek, funtsean— Greziari zorraren erdia barkatzea da akordio horren oinarrietako bat, eta, hain zuzen, zorraren zati bat barkatzean oinarrituta hitzartu zuten ekainean Greziarentzat bigarren erreskatea ere.
Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteak, berriz, okerrenerako prestatzeko ohartarazi zion Atenasi, bigarren errestatea atzera botatzearen ondorioak «oso mingarriak» izan daitezkeelako. Alemaniako Gobernuak, bere aldetik, «arduragabe» jokatzea egotzi zion Greziakoari. Steffen Seibert bozeramailearen hitzetan, «Greziak betebeharra du Europako Batasuneko gainerako herrialdeekiko erantzukizunez jokatzeko, are gehiago berekin solidarioak izan direnean eta berekiko arduraz jokatu dutenean». Seiberten esanetan, Europako hiriburu batean hartzen den erabaki batek eragina du gainerakoetan, denak lotuta daudelako. «Guztiek hausnartu beharko lukete horren inguruan».
Baina atzo behintzat, Papandreuri bost axola zitzaion gainontzekoek ziotena, nazioartearen laguntzarekin edo laguntzarik gabe, herri galdeketa egiteko erabakian aurrera egiteko konbentzimendu osoarekin jarraitzen baitzuen. Hori horrela,Cannesko bilera hasterako ere nahikoa argi zegoen ez zutela hura iritziz aldatzea lortuko, baina, gutxienez, egin beharrekoa lehenbailehen egiteko eskatu zioten.
Galdeketa, abendurako
Horixe da Papandreuren gobernuaren asmoa ere, erreferenduma ahalik eta azkarren egitea. Eta, horretarako, herenegun, galdeketaren inguruko xehetasun guztiak lotuko dituen batzorde bat sortzea hitzartu zuen Greziako Ministroen Kontseiluak. Haris Kastanidis Barne ministroak adierazitakoaren arabera, litekeena da galdeketa euroguneak Greziaren bigarren erreskatearen inguruko xehetasunak lotu baino lehen egitea. Horrek esan nahi du, abenduan egingo luketela, eta ez urtarrilean, hasiera batean zabaldu zen moduan.
Batzorde horren ardura da greziarrei zein galdera egingo dieten zehaztea ere. Kastanidisen ustetan, egokiena bigarren erreskatearen baldintzekin ados dauden ala ez galdetzea litzateke eta ez euroan jarraitu nahi duten ala ez galdetzea. «Gobernuak ezin du ezbaian jarri herrialdearen bidea Europan».
Papandreuren esanetan, berriz, «erreferenduma agindu eta mezu argia izango da Grezian eta Greziatik kanpo, herrialdeak euroan egin nahi duen ibilbidearen inguruan». Haren ustetan, galdeketa egin eta gero inork ezingo du herrialdeak euroan egin duen ibilbidea auzitan jarri. Erreferenduma egiteko aukera kritikatu dutenei erantzunaz, esan zuenKonstituzioak jasotzen duen aukera bat delako. «Horrenbestez, ez du zentzurik herriaren nahiaren kontra doan aukera bat bezala ikusteak». Herriak zer iritzi duen jakin nahi duelako, Papandreuk funtsezkoa deritzo galdeketa egiteari. «Gauza ez da gobernu bat edo bestea aukeratzea, beste erreskate bati 'bai' edo 'ez' esatea baizik, Europari 'bai' edo 'ez' esatea, euroari 'bai' edo 'ez' esatea».
Europako Batasuneko agintariek, baina, galdera argia eta orokorragoa egiteko eskatu diote Papandreuri, hau da, herritarrei euron jarraitu nahi duten ala ez galde diezaiela.
Erreferendumaren aurretik, ordea, ezinbesteko azterketa bat gainditu beharko du Greziako lehen ministroak: biharko konfiantza mozioa. Eta kostako zaio aurrera ateratzea. Parlamentuan dauden 300 eserlekutatik 152 baizik ez ditu bere alderdiak —Pasok—, herri galdeketaren iragarpena egin eta gutxira bere alderdiko diputatu batek dimisioa eman baitzuen. Konfiantza mozioa aurrera ateratzeko 151 diputaturen babesa behar du, baina bere alderdikide batzuek oraindik ez dakite emango dioten ala ez. Greziako Parlamentuan atzo hasi zuten konfiantza mozioaren inguruko eztabaida, Papandreuren presentziarik gabe, Cannesen zelako. Gaur jarraituko dute, Papandreu bera ere han dela, eta, ondo bidean, bihar gauerdian bozkatzea aurreikusten dute.
Lehen ondorioak
Papandreuk bigarren erreskatearen baldintzen inguruko erreferenduma egiteko asmoa azaltze hutsak berehalako eragina izan zuen diru merkatuetan. Atzo Portugalek euroan denetik interes handiena eskaini behar izan zien inbertsiogileei hiru hilabeterako zor tituluen truke: %4,997.
Europako Finantza Egonkortasunerako Funtsak, berriz,bertan behera utzi behar izan zuen Irlandaren erreskatea finantzatzeko aurreikusita zor jaulkipena. 3.000 milioi euro eskuratzeko asmoa zuen, baina operazioa atzeratzea erabaki du.
Zorraren krisia
Txorrota itxi diote Greziari
Erreskateen truke agindutakoa betetzen ez badu, Atenasek nazioartearen finantza laguntzarik gabe egin beharko du aurreraOraingoz, Europak bertan behera utzi du 8.000 milioi euro emateko erabakia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu