Krisia dela-eta herritar askok gastua murriztu behar izan dute, batez ere behar-beharrezkoak ez diren arloetan, aisian, esaterako. Gipuzkoako ostalariek, baina, argi daukate herritarrek ez diotela erabat uko egiten. Hala, iragarri dute udako denboraldia «salbatu» egingo dutela, Aste Santuan gertatu zen antzera.
Halaxe jakinarazi dute Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteko Mikel Ubarretxena presidenteak eta Kino Martinez idazkari nagusiak. Alegia, lehen bidaia handiak egiten zituen jendea orain egoera ekonomikoagatik etxean geratuko dela uste dute.
Aitzitik, «barneko turismoa» indartu egingo delakoan daude: «Jendeak ez dio uko egiten aisiari krisi garaian, baina selektiboagoa da», adierazi du Ubarretxenak. Eguraldiak lagunduz gero, eta kreatiboak izanda «seguru» dago egonaldi motzak egingo dituen jendea erakartzea lortuko dutela.
Urterik «okerrena»
Hala ere, ostalaritzarentzat urterik «okerrena» izango da aurtengoa. Krisia dela-eta erreserbak gutxitu egin dira, gastatzerakoan kontu gehiago izaten du jendeak, eta lanegunetan menuak nabarmen murriztu dira, batez besteko faktura bezalaxe.
Kontsumo aldaketa horien ondorioz, urteko lehen sei hilabeteetan jarduera %16-17 inguru murriztu dela kalkulatu du ostalarien patronalak. Datuok 300 bazkideren artean egin dituen inkestatik atera ditu. Horiek sektorearen %25 izango lirateke Gipuzkoan.
Hotel eta pentsioetako 30 bat ostalariri ere galdetu diete udan dituzten erreserben inguruan, eta %80ek iaz baino «okerrago» izaten ari direla esan dute.
Kontratazioan ere igarri da krisia. Udan lan egiteko langile berriak maiatzean kontratatzen hastea da ohikoena, baina aurten, hilabete geroago hasi dira. Aldiz, kontratu kopuruak bere horretan jarraitzen duela zehaztu du Martinezek.
Egoera horren aurrean datozen bi urteetarako estrategia «gestioa hobetzean» oinarrituko da, Ubarretxenaren arabera. Hala, Infotechnalia aholkularitza enpresarekin akordio batera iritsi dira argindarraren eskaintzarik onena zein den argitu diezaien. Teknologia berriak sektorean sartzea, gastronomia sustatzea eta formakuntza indartzea izango dira beste helburuetako batzuk.
Salaketa bat ere egin dute ostalariek. Pentsio eta hotelak «konpetentzia desleiala» jasaten ari direla esan dute, Donostiako geltokietan pertsona batzuk beren etxeetan gaua pasatzea eskaintzen ari direlako.
Uda salbatzea espero dute Gipuzkoako ostalariek
Krisiaren eraginez, jarduera %16-17 murriztu dute, eta langileen kontratatzea hilabete atzeratu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu