Finantzak

Udalen zorra %1,2 handitu da Euskal Herrian

Batez beste 399 euro zor dituzte zazpi lurraldeetako 685 udalerriek. Herri txikiak, oro har, zorpetuago daude.

Iker Aranburu.
2013ko ekainaren 13a
13:52
Entzun

Gaindegiak Espainiako Ogasun Ministerioan eta Frantziako Finantza Ministerioan bildutako datuen arabera, Euskal Herriko 685 udalerriek guztira 1.250 milioi euroren zorra dute. Hau da, batez beste biztanleko 399 euro zor dituzte.

2011tik 2012ra urtean zor biziaren bolumena %1,2 igo da. Hein handi batean hori gertatu da dagoeneko nahiko zorpetuta zeuden 49 udalerrik are zor handiagoa pilatu dutelako. Udalen erdiak, 319, euren zorra murrizteko gai izan dira. Beste 166k ez dute batere zorrik, hau da, ia lautik batek  (%24,2). 166 horietatik hamahiruk azken ekitaldian utzi dute albo batera zorra, horien artean Berriozarrek, Aiarak, Otxandiok eta Etxaurik. Beste muturrean kokatzen dira Aulesti, Bilbo, Gizaburuaga, Bakio eta Aduna, azken urtean asko handitu baitute beren zorra.

Herrialdeka, biztanleko udal zorrik altuena Lapurdin kokatzen da, 1.072 euroko zor bizia dute pertsonako. Horrek kostaldeko udalerri garrantzitsuen zorpetze altuari erantzuten dio. Jarraian, biztanle kopuru apalagoa duten herrialdeak daude, Zuberoa (875 euro pertsonako) eta Nafarroa Beherea (824 euro), non tamaina txikiko udalerriak diren nagusi. Beste maila apalago batean daude Araba (503), Nafarroa (472) eta Gipuzkoa (433). Alta, zorrik murritzena Bizkaiak (152) du, biztanle kopuru altuena duen herrialdeak.

Udalerri txikienak dira, horrenbestez, zorpetuenak. Mila biztanletik beherako herrietan biztanleko zorra 577 eurorena da. Kopuru horretatik oso gora daude Oloritz (5.022), Aintzila (3.266), Ligi-Atherei (2.978) eta Orbaizeta (2.816).

Biztanle kopuruak gora egin ahala, oro har, behera doa biztanleko zorra. Hala ere, badira bereziki zorpetuta dauden hiriburu edo hiri txikiak. Horien artean daude Baiona (1,494), Miarritze (1.383), Tutera (703), Irun (627), Gasteiz (587) eta Iruñea (531). Donostiak 487 euroren zorra du biztanleko, 394 eurorena Getxok eta sei euro eskasekoa Bilbok.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.